Elorriok aurkeztu ditu 2026ko Ferixa Nausikoak, berrikuntzekin eta ehunka jarduerarekin
MUGA JAIAK
Elorrioko Udalak 2026ko Ferixa Nausikoen egitaraua aurkeztu du. Jaiak irailaren 4tik 13ra bitartean ospatuko dira, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako ehunka jarduera bilduko dituzte. Egitaraua Udalak, Jai Batzordeak eta herriko elkarte, eragile eta boluntarioek elkarlanean prestatu dute. Hona hemen EGITARAUA.

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu. Horien artean, txosnagunea kokapen berrira lekualdatuko da: bokata txosna Buzkantz kalean jarriko da, eta karpa azpiko txosnak zein kontzertuak Ganondoko sarreran egingo dira. Era berean, karrozen jaitsierak ibilbide berria izango du, Aldatsekuatik abiatu eta herriko hainbat kaletan barrena berriz plazara itzuliko dena.
Antolakuntzak, gainera, autobus zerbitzua indartuko du jai egunetan, barraketan haur txikientzako atrakzio berri bat jarriko da eta Ferixako azokan nekazari, artisau eta abeltzainen parte-hartzea sustatuko da, eskaintza zabaltzeko helburuarekin. Aurreikuspenen arabera, aurten behiak ere izango dira azokan. Karrozen desfilean eta koadrilen jolasetan parte hartu nahi dutenek QR kodeen bidez eman ahal izango dute izena.
2026ko Ferixa Nausikoetako txupinazoa EME Elorrioko Merkatarien Elkarteak botako du, elkartearen 25. urteurrena dela eta. Ospakizunarekin bat eginez, EMEk jaietako zapi horiak banatuko ditu doan bere denda eta tabernetan. Bestalde, Jose Luis Pulido Calvoren «Iskanbila» lana izan da aurtengo kartel lehiaketako irabazlea.
Egitarauak aurreko urteetan arrakasta izan duten jarduerak mantenduko ditu, besteak beste, haurrentzako bitsaren festa, jolasak eta parkeak, gazteentzako Ganondoko eta txosnaguneko ekintzak eta adinekoentzako jardunaldi berezia. Musika izango da berriro ere programazioaren ardatz nagusietako bat, elektronika, erromeriak, fanfarreak, DJ saioak, karaokea, tributuak, flamenkoa, folka eta Maruxak ikuskizunarekin. Horrez gain, bertsolariak, kaleko antzerkia, zirkua, dantza garaikidea eta erraldoiak ere izango dira herriko hainbat gunetan.
Jaietako hitzordu nagusien artean izango dira irailaren 4ko txosnagunearen irekiera, hilaren 5eko txupinazoa eta danborrada, 6ko Ferixia, 7ko koadrilen bazkaria eta jolasak, 11ko jubilatuen eguna eta Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua, 12ko Sukalki Eguna eta karrozen jaitsiera, eta 13ko amaiera ekitaldiak, Elorrioko Koloreak eta Zaporeak, herri kirolak eta bertso saioarekin batera. Herriko kirol taldeek ere lagunarteko futbol, saskibaloi eta eskubaloi partidak antolatuko dituzte.
Ferixa Nausikoek aurten ere jai parekide, seguru eta errespetuzkoen aldeko konpromisoa berretsiko dute. Horretarako, eraso matxista eta arrazisten aurkako protokolo feminista aktibatuko da berriz ere, herriko mugimendu feministarekin elkarlanean. Horrez gain, kapela moreak banatuko dira eta kontsumo arduratsuaren inguruko sentsibilizazio kanpaina egingo da jaietan zehar.
Julene Lazkano Elorrioko alkateak herritar guztiak jaietan parte hartzera gonbidatu ditu, eta jaiak posible egiten dituzten elkarte, eragile, boluntario, udal langile, merkatari, ostalari, nekazari, abeltzain eta artisauei eskerrak eman dizkie, haien ekarpenari esker Elorriok urtero jai parte-hartzaileak eta herrikoiak antolatzen dituela azpimarratuz.





