Larunbata,
2026ko Abuztuak08

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

IZAS GOGOAN DUGU · Eskerrik asko lehenengo «bai» horrengatik, mugalari

MUGA GOGOAN DUT

Duela urtebete joan zitzaigun Izaskun Ellakuriaga. 2025eko uztailaren 16an hil zen, 53 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Nik, ordea, beste Izaskun bat gogoratzen dut.

Izaskun Ellakuriaga. MUGA

MUGA oraindik mugalari.info zenean, proiektu hari baietz esan zion lehen pertsona izan zen. Malaysian zebilen orduan. Proiektuaren berri eman nion, eta berehala etorri zen erantzuna: «Konta nirekin». Ez zuen zalantzarik egin. Eta eskertu nion. Berriro idatziko dut: eskertu nion.

Lehendik ere ezagutzen nuen. Kazetariok elkartu gintuen ofizioak, eta nik iritzi-zutabeak idazten nituen Eraz astekarian, berak zuzentzen zuen proiektu eder hartan. Gero bakoitzak bere bidea egin genuen, baina haria ez zen inoiz eten.

Denborarik ez zuen emakumea zen. Edo, hobeto esanda, denbora denontzat berdina izan arren, berak inork ez bezala biderkatzen zuen. Ez dut ezagutu bera bezain langile, emankor eta eskuzabalik. Mila egitasmotan murgilduta egon arren, beti aurkitzen zuen tarte bat laguntzeko, ekarpen bat egiteko, aholku bat emateko. MUGArentzat ere bai.

Horregatik iruditzen zait garrantzitsua dela hori ere gogoratzea. Ez bakarrik egin zuen guztia, baizik eta nola egiten zuen: naturaltasunez, zaratarik gabe, beti prest.

Eta bai, topikoa izango da. Baina egia da. Oraindik ere askotan etortzen zait burura telefonoa hartu eta deitzeko gogoa, zerbait galdetzeko, iritzia eskatzeko edo ideia bat partekatzeko. Segundo batez ahaztu egiten zait ez dagoela beste aldean.

Orduan iristen da hutsunea.

Eta hutsune horrek min egiten du.

«BAI»

Eskerrik asko, Izaskun. MUGAn utzitako aztarnagatik, eta batez ere, lagun izateko moduagatik. Zure lehenengo «bai» hura ez dugu inoiz ahaztuko.

Eta iritsiko da eguna elkarrekin osatu genuen Eta nik kukua nuen maite haur-ipuina argitaratuko dudana. Ez izan zalantzarik: zuri eskainia izango da.

Zuri, Izas.

Ez izan zalantzarik, mugalari.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu