«33 haur sahararrek aisialdiaz eta kulturaz betetako uda izango dute Durangon»
Joan den asteazkenean, uztailaren 8an, Durangoko Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan harrera ofiziala egin zitzaien uda udalerrian igaroko duten 33 haur sahararri, ‘Oporrak Bakean’ programa solidarioaren esparruan. Mireia Elkoroiribe alkateak, alderdi guztietako udal ordezkariekin batera, ongietorria eman zien haurrei, elkarte antolatzaileetako eta Euskadiko Saharar Ordezkaritzako kideekin batera.

Programa urteak daramatza Durangon garatzen, eta saharar errefuxiatuen kanpalekuetatik datozen haurrei udako oporraldia baldintza egokiagoetan igarotzeko aukera eskaintzen die. «Egonaldian zehar, arreta medikoa, elikadura orekatua eta aisialdiko zein kulturako hainbat jarduera jasoko dituzte».
Ekimena Río de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteek koordinatzen dute, eta Udalak lankidetza-hitzarmenak ditu elkarte horiekin. Uda honetan, 17 adingabe Río de Oro elkartearen bidez (9 aterpetxean eta 8 familietan) eta 16 Hamadako Izarrak elkartearen bidez (guztiak aterpetxean) Durangon izango dira.
Programa Herria Auzo Elkarteari esker abiatu zen; izan ere, elkarte horrek ekarri zituen lehen haur sahararrak. Denborarekin, ekimena sendotu egin zen Río de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteak sortu zirenean, herritarren eta Udalaren inplikazioari esker.





