Ekitaldi ugari eta Hamadako Izarrak elkartearen txupinazoa Zaldibarko jaietan
Herriko jaiak uztailaren 2an hasiko dira ofizialki, baina ordura arte zer gozatu ugari egongo da, Eitzaga auzoan sanpedroak ospatuko dira-eta.

Dena dago prest Zaldibarko kaleak jai giroz eta animazioz betetzeko. Herriko jaiak uztailaren 2tik 5era ospatuko dira, eta gastronomiak, musikak zein tradizioek kaleetan bat egingo dute. Lehenengoari dagokionez, aipatzekoak dira tortilla txapelketa, herri bazkaria, Olea kaleko solomo eta sardina-jana eta Bekoetxe kaleko odoloste-jana. Musikaren eremuan, hiru elektrotxaranga (Matraka, Elektrotxufla eta Gotx) arduratuko dira kaleak animatzeaz, eta Altxa Porru erromeria taldea, Nebar talde akustikoa eta Sukena, Streetwise eta Xaukena Xauk rock taldeak agertokian emanaldiak eskaintzeaz. Ordu txikiak arteko parranda hainbat musika jartzailek bermatuko dute.
Kultura eskaintzak ere izen handiak ekarriko ditu, uztailaren 5ean punta-puntako bertsolariak egongo dira-eta Zaldua plazan, Leire Vargas gai jartzailearen esanetara: Xabat Illarregi, Aitor Etxebarriazarraga, Saioa Alkaiza eta Unai Iturriaga. Teatroari dagokionez, Markeliñe konpainia zornotzarrak Artilusio kale antzerkia eskainiko du. Kirolik ere ez da faltako: areto-futbol maratoia, 3×3 saskibaloia, pilota partidak eta herri-kirolen erakustaldia egongo dira jai egunetan zehar. Txikienek, berriz, ginkana, puzgarriak eta apar festa izango dituzte zain.
Saharara begirako txupinazoa Jaietako momenturik hunkigarrienetako bat uztailaren 2an biziko da, 18:45ean, aurten, Hamadako Izarrak elkarteak botako du-eta txupinazoa udaletxeko balkoitik. Jai Batzordeak elkarte horren lana saritu gura du keinu horrekin, hain zuzen ere, Hamadako Izarrak taldeak urtero hartzen dituelako Saharako ume errefuxiatuak harreran, eta urtero bat egiten duelako Oporrak Bakean programarekin, umeak Olazarren aterpetuta. Gainera, aurten, 50 betetzen dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik. Horrenbestez, txupinazoa elkartasuna adierazteko eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko keinu ere izango da.
Errespetua eta berdintasuna
Udalak eta Jai Batzordeak erantzukizunez jokatzeko deia egin dute. Eneritz Azpitarte alkateak eta herriko eragile feministek argi utzi dute: "Zaldibar indarkeria matxista eta erasorik gabeko herria izatea nahi dugu. Ez dugu inolako erasorik onartuko". Jaiak askatasunean eta errespetuz bizitzeko mezua zabaldu dute mezu argi batekin: “Erasotzaileek ez dute lekurik gure artean”.
Jaiak, baita auzoetan ere
Udalerriko jaiez gainera, aipatzekoak dira baserri auzoetako jaiak ere. Izan ere, asteburu honetan jaiak ospatuko dituzte Eitzagan, sanpedroak. Ekainaren 26tik 29ra. Uztaileko hirugarren asteburuan Goierriko jaien txanda izango da. Uztailaren 17tik 19ra ospatuko dira Santa Marinaren omenezko jaiak. Azkenik, udaren sakonean, Urizarko eta Sallabenteko sanlorentzoak ospatuko dira. Abuztuaren 10ean ospatuko dituzte horiek.
Alkateak ondo pasatzera eta ekitaldi guztietara bertaratzera deitu ditu herritarrak, betiere elkarbizitza eta herriko baliabideen errespetua zainduz.
Kartel lehiaketako irabazleak
Halaber, arratsalde honetan jaietako kartelen sari banaketa egin da. Huescako Noemí Ruizek lortu du lehenengo saria (250 euro), eta, horrenbestez, bere diseinuak iragarriko ditu, aurten, udalerriko jaiak. Ruizek ez du sari banaketara agertzeko aukerarik izan. Bigarren saria Ibone Gómez zaldibartarrak irabazi du (150 euro), eta umeen saria, berriz, Olaia Uribarrik. Azken horrek 100 euroko saria jaso du udalerriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan erabiltzeko. Aurten, 17 lan aurkeztu dira lehiaketara. 10 nagusien kategorian eta 7 haurren sailean. “Rokodromo berria inauguratu genuen duela aste batzuk, eta kalistenia parkea prestatzen gabiltza orain. Hori da gure bidea: udalerriko kirol azpiegiturak hobetzen eta kirol eskaintza zabaltzen joatea”, esan du Eneritz Azpitarte alkateak.





