Pierres&Fils, Barna Sabor Trubača eta Super Panela, Haizetara 2026ko irabazleak
Haizetara, Amorebieta-Etxanoko Kaleko Fanfarreen, Banden eta Musikaren Nazioarteko Lehiaketaren XIX. edizioa amaierara iritsi da, eta arrakasta borobila izan du musikaz beteriko asteburu baten ondoren. Parte hartu duten 10 taldeek euren onena eman dute hiru sarietako bat irabazteko helburuarekin.

Talde irabazlea.
Lehiaketak bisitari ugari erakarri ditu eta udalerri osoan jai-giro aparta sortu du, kaleko musikaren inguruko hitzordu garrantzitsuenetako bat dela berretsiz. Parte-hartzaileen maila artistiko handiak eta publikoaren erantzun bikainak Haizetararen nazioarteko izaera eta erreferentzialtasuna indartu dituzte beste behin.
Banda onenaren saria
Jou Gonzalez Doctor Deseoko saxofoi-jolea (presidentea), Francisco Javier García (Txapi) musikari zornotzarra, Beatriz Concepción (Last Tour, Oso Polita Records) eta Iratxe Osés Durangoko Sugarri Fanfarriako kideak osatutako epaimahaiak XIX. edizioko irabazlea Pierres&Fils banda izatea erabaki du. 15.000 euroko saria lortu dute.
Publikoaren saria
Barna Sabor Trubača taldeak publikoaren saria irabazi du, izenak berak dioen bezala, herri-bozketa bidez erabakita. 693 lagunek eman dute botoa irabazlea aukeratzeko. Taldeak 4.000 euroko saria jaso du.
Instrumentista onenaren saria
Epaimahaia arduratu da Haizetara jaialdiaren edizio honetako instrumentalistarik onena aukeratzeaz. 1.000 euro jaso ditu Super Panela taldeko sekzio erritmikoak: Jonas Chirouze, Valentin Jarry eta Cyril Decubber.
Amorebieta-Etxanoko Udala, ekitaldiaren antolatzailea, pozik agertu da Haizetara ekimenaren edizio honen garapenarekin eta harrerarekin. Lehiaketa honek kaleko musikaren esparruan nazioarteko erreferente gisa duen posizioa sendotu du, artistei beren talentua erakusteko aukera emanez eta komunitateari kalitate handiko musika-ikuskizunez gozatzeko aukera eskainiz.
Udalak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile, kolaboratzaile eta bertaratutako guztiei Haizetara 2026 jaialdiaren arrakasta ahalbidetzeagatik. Era berean, kulturarekin eta musikarekin duen konpromisoa berretsi du beste behin, eta gogotsu espero du ekitaldi garrantzitsu honen hurrengo edizioa.





