Berriz prest dago San Pedro eta Santa Isabel jaiak ospatzeko
MUGA BERRIZ
Berrizek ekainaren 26tik uztailaren 2ra ospatuko ditu San Pedro eta Santa Isabel jaiak. Astebetez, udalerriak jai-programazio zabala izango du, kontzertuak, herri kirolak, gastronomia-lehiaketak, familia-jarduerak, kultur ikuskizunak eta adin guztietarako proposamenak uztartuz.

Jaietako hasiera ofiziala ekainaren 26an izango da, ostiralean. 19:00etan udaletxean egingo diren pregoiaren eta txupinazoaren bidez emango zaio hasiera ospakizunari, eta bertsolari eta idazle Miren Amuriza Plaza izango da ekitaldiaren gidaria. Ondoren, kartel lehiaketako sariak banatuko dira eta sardina-jana tradizionala egingo da. 19:30ean txosnen irekiera eta kontratxupinazoa izango dira, eta 20:00etan Donien Atxa eta Dantzari Dantzaren entsegu orokorra. Gauean, Elizondo plazak Luhartz erromeria hartuko du, eta txosnagunean Reder taldearen kontzertua eta DJ La Fulana zein DJ Alaine-ren saioak izango dira.
Larunbatean, ekainaren 27an, 10:00etan kuadrillen bazkarirako zozketa egingo da. Eguerdian, udaletxeko lorategian, Paella Lehiaketa ospatuko da. Arratsaldean mozorroen jaitsiera izango da, eta ondoren Oihan Vegaren diskofesta, haurrentzako saio bereziarekin. Eguna Herriko Igel Txapelketarekin eta gaueko musika eskaintza zabalarekin osatuko da; Elizondo plazan Oihan Vega eta DJ Maria Blessive ariko dira, eta txosnagunean Aittu erromeria zein hainbat DJren emanaldiak izango dira.
Ekainaren 28an, igandean, Berriztuk antolatutako artisau-azoka izango da goizean, 11:00etatik 14:30era. Herri kirolak ere izango dira protagonista, bai haurrei zuzendutako probekin bai lehiaketa ofizialarekin. 14:00etan XIV. Jose Ramon Korpion bakailao pil-pilean lehiaketa egingo da. Arratsaldean, Esna Gazte ikuskizuna izango da, eta ondoren bertso-saioa Kelmene Abaitua, Araitz Katarain, Ander Elorriaga eta Ixone bertsolarien eskutik. Egunari amaiera emateko, Jonkass-ek kontzertua eskainiko du.
San Pedro eguna, ekainaren 29a, tradizioz beteta etorriko da. 12:00etan meza nagusia egingo da eta ondoren Dantzari Dantza eskainiko da. Arratsaldean tiragoma txapelketa eta mus txapelketa izango dira, eta iluntzean Dantzari Dantza berriro ikusi ahal izango da Elizondo plazan. Gauean, Ioi Haatik Dantza Taldearen ikuskizuna izango da eskolako patioan, eta eguna karaoke saioarekin amaituko da.
Ekainaren 30ean haurrek hartuko dute protagonismoa. Kiroldegiko aparkalekuan ur-parkea jarriko da goizez eta arratsaldez, eta gimnasia erritmikoaren ate irekien jardunaldia ere egingo da. 19:00etan, berriz, “B.O.B.A.S.” antzezlana eskainiko da udaletxeko lorategian.
Uztailaren 1ean, JOKAI-LARUN jarduera egingo da udaletxeko lorategian, euskal mitologian oinarritutako jolas-proposamenarekin. Ondoren, herri bazkaria eta bingo musikala izango dira txosnagunean. Arratsaldean Frontenis Txapelketako finalak, Matraka elektrotxarangaren kalejira eta Txema Muñozen “Gota” clown eta magia ikuskizuna izango dira. Gauean, Errota erromeriaz gain, Sua taldearen kontzertua eta DJ Marrazo zein DJ Zelaietsu-ren saioak izango dira txosnagunean.
Jaiak uztailaren 2an amaituko dira, Santa Isabel egunean. Eguerdian meza nagusia eta Dantzari Dantza egingo dira, eta ondoren jubilatuentzako bazkaria. Arratsaldean Dantzari Dantza berriro eskainiko da Elizondo plazan, eta iluntzean tortilla lehiaketa izango da. Amaiera ikusgarria emango diote jaiei Deabruak Gara – Lekittoko Deabruak taldearen su eta piroteknia ikuskizunak, correfoc tradizioan oinarrituta.
Jai egun guztietan arreta eta informazio puntu morea egongo da Iturritza 51n, herritar guztientzat zabalik. Jai-programa osoa datozen egunetan banatuko da etxeetan.
Berrizko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu udalerriko kaleak eta plazak berriz ere topagune, bizikidetza eta ospakizun kolektiborako espazio bihurtuko dituzten jai hauetan parte hartzera eta gozatzera.





