Lau egun eta sei ekitaldi izango ditu Izurtzako 3. Kultur Asteak
MUGA IZURTZA
Izurtzak musika, zinema, antzerkia eta herri giroa uztartuko dituen 3. Kultur Astea antolatu du ekainaren 20tik 23ra. Lau eguneko egitarau oparoak adin guztietarako ekintzak eskainiko ditu, herriko plaza eta bestelako guneak kulturaren topagune bihurtuz.

Ji-Kunak (Iban Begoña eta Jokin Garitaonandia) iaz Izurtzako Kultur Astean. IBAN GORRITI (MUGA)
Ekainak 20: Swinga eta kale antzerkia
Kultur Asteari hasiera emateko, Korrala Swing & Vermut ekimena egingo da. Dantza gustuko dutenek edo lehen aldiz probatu nahi dutenek aukera izango dute gorputza mugitzeko eta vermutaz gozatzeko. Jarduera 11:00etatik aurrera izango da Dantza Vermutaren bueltan. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete honako helbide elektronikoaren bidez: swingdurangaldea@gmail.com
Arratsaldean, “Finito – Infinito” kale antzerkia eskainiko da plazan. Zirkuaren eta umorearen bidez, hasierarik eta amaierarik gabeko zikloen inguruko hausnarketa proposatuko du emanaldiak. Ikuskizuna 19:30ean hasiko da.
Ekainak 21: Artisauen azoka
Bigarren egunean, Eixu artisau elkartearen eskutik, Artisau Azoka izango da 11:00etatik aurrera plazan. Egun osoan zehar artisauen lanak ikusi eta erosteko aukera egongo da. Gainera, “Pelma & Luis” musika-jartzaileek girotuko dute jardunaldia.
Ekainak 22: Dokumentala eta solasaldia
Larunbatean, “Aitatxo” dokumentala ikusteko aukera izango da. Emanaldiaren ondoren, Anakotz Lasarterekin solasaldia egingo da dokumentalak jorratzen dituen gaien inguruan. Saioa 18:30etik aurrera izango da Erabilera Anitzeko lokalean.
Ekainak 23: Kontzertua eta San Juan sua
Kultur Astearen azken eguna musikarekin hasiko da. Gabriela Guridi abeslari elorriarrak kontzertua eskainiko du 19:00etan, Santo Tomas parkean. Emanaldiak San Juan gaueko ospakizunei hasiera emango die.
Ondoren, Ji-Kunak txalapartariek egingo diote ongietorria San Juan suari. Herritarrek suaren inguruan elkartzeko aukera izango dute, eta ostean jatekoa eta edatekoa banatuko ditu Izurtzako Udalak.
Izurtzako Udalaren, Korralaren, Herriko tabernaren eta Abarka Kulturaren laguntzarekin antolatutako egitarau honek kultura-adierazpen ugari bilduko ditu, herritarren parte-hartzea eta giro ona sustatzeko helburuarekin.






