Oleta ibaiaren eskuinaldeko ibaiertz tarte bat zaharberritu du URAk
MUGA ONDAREA
URA-Uraren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikia—, amaitu berri ditu Otxandion Oleta ibaiaren eskuineko ertza leheneratzeko eta egonkortzeko lanak, Presazelaiko presa txikiaren inguruan. 2025ean izandako ur-goraldi baten ondorioz, eskuineko presa-estriboaren zati bat hautsi zen: orduz geroztik, ibaiertzak higadura handia izan zuen. Jarduketak galdutako lurra berreskuratu du, Mekoletako jolas-eremura joaten diren pertsonentzako arriskua murriztu du eta ibilguaren ibai-jarraitutasuna hobetu du.

Bioingeniaritzako tekniken bidez egindako lanei esker, higatutako ertzaren egonkortasuna berrezarri ahal izan da, ibaiaren dinamika aldatuko zuketen elementu zurrunak sartu gabe; aitzitik, jarduketen integrazio naturala bilatu da ingurunean. «Presazelairen jarduera hondatutako erribera teknika naturalekin lehengoratzeko moduaren adibide garbia da, ibaiaren dinamikarekin eta biodibertsitatearekin bateragarriak baitira. Egonkortasuna, segurtasuna eta kalitate ekologikoa berreskuratu ditugu aldi berean «, adierazi du obra egin duten URAko talde teknikoak.
Lanak URAren eta Otxandioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan egin dira, udalerriko ibaietan ingurumena mantentzeko, kontserbatzeko, berreskuratzeko, leheneratzeko eta hobetzeko lanak modu koordinatuan egiteko. Lanak burutzeko 46.000 euroko inbertsioa egin da, BEZa barne. Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.
Higatutako ertza egonkortzeko, ertz-oinean lerrokatutako enborrak sartu dira, ezponda egonkor berri bat sortzeko erabili den materialari eusteko (legarrak eta landare-lurra). Horren gainean jutezko manta biodegradagarria jarri da, ezponda babesteko eta landareztatzea errazteko. Gainera, jarduketari esker, ibai-jarraitutasuna hobetu da: estribuaren hausturak alboko ibilgu naturalizatu bat ireki zuen. Hartuneak irekidura horri eusten dio, eta luzetarako konektibitate handiagoa ahalbidetzen du; fluxu naturalagoa.
Eremua «Zadorrako sistemako urtegiak» KBEaren babes-eremuan dago. Hori dela eta, URAk berariazko ingurumen-neurriak aplikatu ditu, hala nola atsedenlekuko pago motzak babestea, bisoi europarraren eta igarabaren habitatari ahalik eta kalte gutxien eragitea, lehorrean lan egitea uretan uhertasuna saihesteko, bioingeniaritzan sahatsen haga biziak erabiltzea, edo haltzadi kantauriarreko berezko belar-espezieekin ereitea.
Advierten de una posible presa del siglo XVI bajo el azud a eliminar de Mendizabal





