Igandea,
2026ko Abuztuak16

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Lurraren Zientzietako IX. Topaketa Nazionalak 60 aditu eta zale bildu ditu Mañarian

MUGA MAÑARIA

Maiatzaren 30ean eta 31n, Bizkaiko Mañaria udalerrian egin zen Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionala. Topaketa hauen helburua geologia eta paleontologiarekin lotutako elkarteak elkartzea da, elkar ezagutzeko, harremanak sendotzeko, lankidetzak sustatzeko eta Lurraren ondare geologiko eta paleontologikoa ezagutarazteko.

Aurtengo edizioa Hontza Museoa Fundazioak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu zuten elkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Mañariako Udalaren laguntzarekin. Bertan, Espainiako hainbat txokotatik etorritako geologia eta paleontologia zaleak eta elkarteetako ordezkariak bildu ziren, besteak beste Kataluniatik, Alacantetik, Aragoitik, Madrildik eta Murtziatik. Guztira, 60 lagun inguruk hartu zuten parte. Nabarmendu beharrekoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoko MUFOMI, Luberri eta Harridunak elkarteen parte-hartze handia.

Topaketari larunbat goizean eman zitzaion hasiera, akreditazioen banaketarekin eta ongietorri ekitaldiarekin. Bertan hitz egin zuten Aitziber Areitio Mañariko alkateak, Leire Huerta Hontza Museoa Fundazioko zuzendariak eta Joxeba Larrañagak, Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean. Ondoren, Enrike Huerta Hontza Museoa Fundazioko presidenteak museoaren sorrera eta urte hauetan izan duen bilakaera azaldu zituen.

Jarraian, Asier Gomez eta Monika Villalba doktoreek hitzaldi bana eskaini zuten: “Neandertalak Euskal Herrian” eta “Durangaldea hartzen lurra”. Azken horretan, bereziki aipatu zituzten Durangaldean aurkitutako Ursus spelaeus edo kobazuloetako hartzaren aztarna ugariak.

ANGURRETA

Bazkalostean, parte-hartzaileek Hontza Museoa bisitatu zuten gida baten laguntzarekin. Ondoren, Angurreta harrobira joan ziren, bisita gidatu batean parte hartzera. Bisita hori Victor Arrizabalaga doktoreak, harrobiko arduradunak, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Arantza Aranburu eta Laura Damas geologoek gidatu zuten.

Arratsaldearen amaieran, parte-hartzaileek bilera bat egin zuten datorren urteko topaketaren antolakuntzaz hitz egiteko. Horrez gain, Lurraren Zientzien inguruan lanean ari diren elkarteen erronkak, beharrak eta etorkizuneko lankidetza-aukerak ere izan zituzten hizpide.

Topaketei amaiera emateko, igandean Arantxa Bodego doktorearekin batera ibilaldia egin zuten Urkiolako Parke Naturalean barrena. Bertan, inguruko geologiaren berezitasunak ezagutzeko aukera izan zuten. Jardunaldiei amaiera ezin hobea eman zieten Urkiolan mokadu batekin eta partekatutako esperientzien balorazio positiboarekin.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu