MAIATZA KULTURARA · Eñaut Aiartzaguena, Arri, Oreka Tx, Valdes, Lasa eta Urmeneta
MUGA MAÑARIA
Maiatza Kulturalak aurrera jarraitzen du Mañarian, eta datozen egunetan kultur eskaintza zabala izango da herrian. Bigarren asteburuko egitarauaren ardatz nagusiak Arri ekimena eta Oreka Tx taldearen kontzertua izango dira, baina aste osoan zehar beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte.

Oreka TX.
Arri ekimena: herria eszenatoki bihurtuta
Maiatzaren 16an egingo da Arri ekimena. Korrala Sormen Guneak antolatuta, herriko hainbat txokotan formatu txikiko pieza artistikoak eskainiko dituzte. Antolatzaileen esanetan, “antzerki-ginkana moduko esperientzia” izango da.
Ikusleek ibilbide bat osatu beharko dute pieza guztiak ezagutzeko, eta ibilbideetarako tiketak 17:00etan banatuko dituzte plazan, doan. Kokalekuak une horretara arte sekretupean mantenduko dituzte.
Egitarauan izango dira, besteak beste, Ibawa kolektiboaren dantza garaikideko emanaldia, Karrika Antzerki Taldearen antzezlana eta soka finkoa clownarekin uztartzen dituen pieza bat. Jardunaldia amaitzeko, Swingtronics taldeak swing eta rock doinuak uztartzen dituen kontzertua eskainiko du 20:00etan plazan.
Oreka Tx taldearen kontzertua Angurretan
Maiatzaren 17an, 12:00etan, Oreka Tx taldeak kontzertua emango du Angurreta arte espazioan. Emanaldia doakoa izango da.
Antolatzaileek herrigunetik Angurretara oinez joateko eskatu dute, ibilgailuentzako bidea itxita egongo baita. Era berean, eguraldi txarra eginez gero ekitaldia bertan behera geratuko dela jakinarazi dute.
Oreka Tx txalapartaren inguruan sortutako musika proiektu ezaguna da. Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak dira taldearen ardatza, eta urteotan nazioarteko ibilbide zabala egin dute, euskal musika tradizionala munduko hainbat kulturatako soinuekin uztartuz.
Aste osoko egitaraua
Maiatza Kulturalaren barruan beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte aste honetan:
- Eguenean, 18:30ean, Gorka Valdesek “Mañaria eta inguruko hegaztiak ikertzen” hitzaldia eskainiko du kultur etxean.
- Barikuan, maiatzaren 15ean, 19:00etan, Jokin Lasak “Aberriak eta atzerriak” musika emanaldia eskainiko du kultur etxean.
- Maiatzaren 18an, 18:00etan, mural margoketa egingo dute plazan Eñaut Aiartzaguenarekin.
- Maiatzaren 20an, 18:00etan, “Sorgiñak” filmaren emanaldia izango da kultur etxean, Asisko Urmenetaren parte-hartzearekin.





