Asteartea,
2026ko Abuztuak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

«Alpinon, maiatzeko egun luze hauek aprobetxatzeko, ekintza sorta ederra dugu prest»

ALPINO TABIRA

Durangoko Alpino Tabiran, maiatzeko egun luze hauek aprobetxatzeko, ekintza sorta ederra dugu prest. Oraindik plaza batzuk gerazten zaizkigu maiatzaren 16-17ko asteburuan Europako Mendietan, zehazki Sotres inguruetan, prestatu ditugun ibilaldietan parte hartzeko. Izena emateko azken eguna maiatzaren 7a, osteguna, izango da.

Bestalde, maiatzaren 9an eta eguraldiak lagundu ezkero, asmoa dugu Udalatx eta Anbotoko tontorrak oinez lotzeko. Ondoren, Anbotoko magaletik ibilbide interpretatiboa egingo duen taldearekin batera, aukera egongo da Arrazolan mokau eder batez gozatzeko. Zeharkaldian maiatzaren 7a aurretik eman behar da izena, gure web orrian eskegita dugun formularioa betez.

Eta maiatzaren 10ean, oso errotua dugun ekintza bat: Mugarri eguna. 5 etapatan banatzen dugu Durangoko mugak ezagutarazteko erabiltzen dugun ibilaldia eta aurten 5. etapa tokatzen zaigu, herrigunetik hurbilen dagoena. Andra Marin hasi eta Landakon amaituta, Durango eta Iurreta bereizten dituzten hainbat mugarri ikusi ahal izango ditugu. Izen ematea maiatzaren 7ra arte dago zabalik, labur.eus/mugarri2026 formularioa betez.

Aurten, maiatzaren 16an, Bizkaia mailako ekimen berezi batean ere parte hartuko dugu: Emakumeak gailurretan. Bizkaiko Mendizale Federazioak sustatuta, mendian emakumearen presentzia ikustaraztea du helburu, egun horretan hainbat gailur esanguratsu emakumez betez. Izena maiatzaren 10a baino lehen Bizkaiko Mendizale Federazioan eman behar den arren, gure aldetik, hainbat hitzordu prestatu ditugu larunbat horretarako, denak ere goizeko 9:00tan abiatuta eta Anboto eta Alluitz gailurrak helburu. Anbotora ohiko bidetik igo nahi duenak Urkiolako aterpean du hitzordua, aldiz km bertikaletik igotzea nahiago badu, Arrazolan. Alluitzera igotzeko hitzordua Atxarteko ermitan ipini dugu. Zuk aukeratu interesgarriena!

Arroila jaitsiera praktikatzeko aukera ere izango dugu hilaren 23-24ko asteburuan. Bertan erabiltzeko materiala klubean alokatu ahal izango duzu eta inoiz rappelatu ez baduzu, praktikatzeko aukera ere izango da aurreko egunetan. Izen ematea maiatzaren 14an zabalduko da.

ARABA ETA BIZKAIAN ARTEAN SOLTOKA

Egun berean zabalduko dugu epea baita ere Bizkaiko Biraren hurrengo etapan (uda aurretik azkena izango dena) izena emateko. Maiatzaren 24ean burutuko dugun ibilbideak Gordexola eta Laudio lotuko ditu, Araba eta Bizkaia artean saltoka ibiliko garelarik. Gallarraga eta Ganekogorta bezalako gailur esanguratsuen itzalpean mugituko gara, eta nahi duenak aukera izango du Kamaraka gailurra erdiesteko.

Maiatza Mendilagun ekimenarekin itxiko dugu, Leungane inguruetan ibilbide zirkular bat burutuz. Izen ematea 639 400 786 telefonoan egin dezakezu.

Informazio gehiago nahi izan ezkero www.alpino-tabira.org web orrialdera jo dezakezu.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu