Ostirala,
2026ko Abuztuak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

‘Eta orain zer?’, Zornotza Palestinarekin

ZORNOTZA PALESTINAREKIN

Palestinaren aldeko herri-ekimenak milioi bat sinadura bildu eta, orain politikoen esku dago genozidioa gelditzea. Palestinako herriak bizi duen egoera latzak agerian uzten du su-etenaren atzean indarkeriak jarraitzen duela beste bide batzuetatik. Azken neurriak, presoentzako heriotza-zigorra kasu, zapalkuntza sistematikoaren adibide dira.

 

Herriaren elkartasuna ekintza gorra bihurtzen  denean, horren aldarrikapenak entzuten ez direnean,  hondo-zarata bihurtzeko arriskua izan dezake, ia erabat desegiteko etorkizun bakarrarekin. Palestinar herriak bizi duen egoera jasangaitzaren kasuan, errealitate tragikoak gezurtatu egiten du Israelgo estatu sionistak aldarrikatutako  su-etena, dekoratua apaintzeko aitzakia bakarrik den akordioaren azpian genozidioak aurrera jarraitzen baitu beste zenbait tresna erabiliz. Azkena, preso palestinarrentzako heriotza-zigorraren legea ezartzea izan da. Ordenamendu juridikoa bere onurarako erabiliz, inongo herritarrik ez da egongo salbuetsita, horrela erraztuko baitute tanke eta leherketarik behar ez duen suntsipena. Ekintzaren erabateko larritasunaz haratago, beharrezkoa ez izan arren, ministro israeldar askok egindako antzezpen bortitzean, pozez gainezka eta ospakizun iraingarrian bilduta agertu dira bere benetako izaera erakusteko.

Testuinguru beldurgarri horretan,  beste behin ere, herritarren mobilizazioa arinagoa eta ausartagoa izan da ordezkari politikoena baino. Herri-ahotsak ez du zalantzarik izan arlote gisa aritzen direnak seinalatzeko, horregatik Israelgo Estatuari gero eta zailagoa egiten ari zaio jazartuaren rola sostengatzea. Bere izaera labur, 1948 urtean sortu zen estatua dela kontuan izanik eta indarkeria erabiliz hedatu egin dena, nazioarteko prestigio mailarik baxuena jasaten ari da. Ezaugarri hori gero eta nabarmenagoa izaten ari da gerra inperialistaren helburu berri diren Iran eta Libanon betetzen duen paper erabakigarriagatik. Horietan Netanyahuk eragile papera betetzen du Estatu Batuak alderdi betearazle armatua delarik. Gerra nuklearraren arrastoak dituen bolborategi horri erantzuteko ezinbestekoa da estatu edo nazioz gaindiko instituzioek, behingoz, kaleetan altxatzen den oihuaren lekukoa hartzea eta basakeriaren aurkako harresi gisa azaltzea. Determinazio horrek nahitaez deslegitimatu eta baztertu beharko ditu, bere osotasunean, sionismoa eta bere morroiak. Lehen urratsa epaitegietara eramatea beharko luke izan, kriminalak izendatzeko behingoz.

Norabide horretan, bide bat irekitzeko asmotan, Palestinaren Aldeko Justizia herri-ekimenak milioi bat sinadura eskatu zituen, eta, dagoeneko, muga-denbora baino askoz lehenago, lortu egin ditu. Israelgo estatu sionistarekin mota guztietako harremanak eta akordioak hausteko beharraren gaineko bozketa Europako Kontseilura eramateko helburua duen ekimen honek lehenengo fasea burutu du. Orain, diputatuen txanda  da. Euren esku dago prozesu horretan jarritako ilusioei hutsik ez egitea. Erabaki horrek erabateko hausturara eraman beharko gintuzke, herri palestinarrari bere eskubide guztiak, bizitzarena barne, berrezartzeko, lehen aldiz, bake errealera eramango lukeen bidea zabalduz.

Kondena-hitzak amaitu zaizkigu, irudi eta ebidentzia posible guztiak azaldu dizkigute, gaur egun basakeriari begiak ireki nahi dizkion edonoren eskura daude ebidentziak. Horregatik keinu sinbolikoentzat dagoen tartea gero eta txikiago da, eta diskurtso onargarri bakarra lurralde erreal batean gauzatuko dena izango da.  Orainaldiak ekintzak burutzea baino ez du onartzen munduko herritarrok dagoeneko gure adierazpena egin dugulako, eta arduraz jokatzen ari garelako genozidioa salatzen ari garenean. Eta horixe da gaur ere, ostegun honetan ari garena egiten Zornotzako Plaza honetan: geure erantzukizuna betetzea eta geure ardura erakustea. Hori da egiten jarraituko duguna,  hileko azken ostegun guztietan bertan bilduko gara genozidioa salatzeko, argi eta garbi eskatzeko Palestinako herriak bere etorkizuna askatasunez eta kanpoko inolako esku-sartzerik gabe aukeratzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Eszenatoki berri hori eraikitzeko bidea oztopatzen dutenek, ez dezatela zalantzarik izan aurrean izango gaituztela berriro ere: askatasunari atea irekitzeko jarduten ez diren orori borrero gisa jarduten ari direla gogorarazteko gaude bertan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu