Toti Martínez de Lezea Amorebietan izango da Liburuaren Eguneko egitaraua ixteko
Toti Martínez de Lezea Amorebieta-Etxanon izango da apirilaren amaieran, literaturaren inguruko solasaldi batean parte hartzeko. Bere presentzia izango da, hain zuzen ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako Liburuaren Nazioarteko Egunaren lehen edizio bereziari amaiera emango diona.

Toti Martínez de Lezea. IBAN GORRITI (MUGA)
Urtero bezala, apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Nazioarteko Eguna garrantzitsua da kultura eta literatura sustatzen dituzten liburutegientzat. Aurten, lehen aldiz, Amorebieta-Etxanoko Udalak programazio zabala prestatu du, irakurketa ohitura bultzatzeko eta literaturarekiko zaletasuna pizteko helburuarekin. Ekimen honetan, bereziki, haur eta gaztetxoak izango dira protagonista nagusiak.
Apirilaren 23an bertan, liburutegira hurbiltzen direnek hainbat liburu jasoko dituzte opari. Gaztelaniaz, Gabriel García Márquezen “Cien años de soledad” banatuko da, eta euskaraz, Bernardo Atxagari aitortza eginez, “Sara izeneko gizona” eskainiko da. Gazteenek ere izango dute euren tokia: 12-18 urte bitartekoek manga komiki bana jasoko dute euskaraz; 6-12 urte artekoek “Zipotz” komikia; eta txikienek, 0-6 urte artekoek, Miren Agur Meaberen “Katta” bildumako ipuina.
Goizean, Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako Leiduzu ekimenaren finala egingo da. 50 ikaslek parte hartuko dute, eta aurkezle lanetan Janire Atxurra ariko da. Parte-hartzaileek euskaraz irakurritako liburu baten inguruko iruzkina aurkeztu dute, formatu ezberdinetan: idatziz, bideoz edota bertsoz. Sariak liburuak erosteko bonuak izango dira.
Bestalde, Nafarroa Zentroan ere ospakizunak izango dira. Goizeko 11:15ean, Ana Rosa Barriosk ipuin kontaketa eskainiko du, eta ondoren, Rosalinda Incardonak bere esperientzia partekatuko du ilustratzaile moduan. Jardunaldia amaitzeko, lore tailer bat egingo dute bertaratzen direnek.
JOSUNE MUÑOZ
Hurrengo egunean, haur liburutegian, Elkartuzek sormen tailer bat eskainiko du 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat. Tailerrean, literatura, sormena, baloreak eta berdintasuna uztartuko dituzte, haurrek modu interaktiboan ikas dezaten.
Amaitzeko, apirilaren 29an, Zelaietako liburutegian, Toti Martínez de Lezeak hitzaldia eskainiko du, Josune Muñozren laguntzarekin. Solasaldi horrekin emango zaio amaiera Amorebieta-Etxanoko Liburuaren Nazioarteko Egunaren lehen programazio zabalari.





