Meison talde berriztarrak ‘Ultrapop’ lehen disko luzea kaleratu du
MUGA MUSIKA
Meison hirukoteak urrats sendoa eman du bere ibilbidean: “Ultrapop” izeneko lehen LP-a argitaratu berri du, orain arte egindako bidea sendotuz eta norabide artistiko berria markatuz. Lana apirilaren 10ean kaleratu dute.

2022an “Ortozik” lehen singlea plazaratu zutenetik, etengabeko sorkuntza prozesuan murgilduta ibili da Berrizko taldea. Lehen kantu hartatik “48240” EP-ra bi urte igaro baziren ere, lan horrek Euskal Herriko hainbat eszenatokitan jotzeko aukera eman zien, besteak beste, Iparragirre, Getariako Graka gaztetxea edo Bergarako Oztoporik Ez egitasmoa.
2025ean beste pauso garrantzitsu bat eman zuten, Betepaeta kolektiboa-ra batuz, Ithaka, Dena, Nekktar eta Mahl Kobat taldeekin batera. Kolektibo horrek DIY filosofia irmo defendatzen du, underground eszenan errotuta.
“Ultrapop” diskoa Eten espazio sonoroa-n ekoitzi dute, Urtzi Izaren gidaritzapean, eta bederatzi abestik osatzen dute. Hauek dira kantuak: “Esku bete iltze”, “Zeru bat poltsikuen”, “De la serrure”, “Ganbara II”, “Ultrapop”, “Udaberri berri bat”, “Nasa”, “Bariku baten kronika” eta “Vértices y cornisas”.
Diskoan parte hartu dute Unai Unzuetak (gitarra eta ahotsa), Aiert Agirrek (bateria eta ahotsa) eta Ibon Azpirik (baxua eta ahotsa). Horrez gain, Julen Apellak “Zeru bat poltsikuen” abestiaren letra idatzi du; diseinu grafikoa eta maketazioa Maria Maneroren eta Sergio Devesaren esku egon dira; eta argazkiak Iñigo Sanzen eta Maialen Rekalderenak dira.
Lan berria Bandcamp-en bidez entzun daiteke, eta ez dago beste streaming plataformetan eskuragarri. Taldekideek azaldu dutenez, erabaki hori kontzientea izan da: “Musikariak Palestinarekin mugimendua babesten dugu”, adierazi diote MUGA hedabideari.
“Ultrapop” diskoa izenik gabeko hiri batean kokatzen da; eraikin hotz eta izkin zorrotzen artean sortutako kronika sonoroa da, eguneroko bizitzaren tentsioak eta paisaia urbanoaren inertziak islatzen dituena.





