Astelehena,
2026ko Abuztuak10

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Jendetza handiak giro bikaina sortu du Garaiko XII. Landara eta Lorazaintza Azokan gaur

JON KOLDO ISASI

MUGA GARAI

Garaiko XII. Landara eta Lorazaintza Azoka arrakasta handiz ospatu da igande eguzkitsu honetan, guztira 19 posturen parte-hartzearekin. Ehunka lagun bertaratu dira egun osoan zehar Garai herrira, landare eta lorazaintzaren inguruko eskaintza zabalaz gozatzera.

ARGAZKIAK · IBAN GORRITI (MUGA)

Herriko alkateak, Erramun Osa (EAJ), eskerrak eman dizkie bisitari guztiei, aurreko urtearekin alderaketa eginez: “Kontuan hartuta iaz euria egin zuela eta frontoian egin behar izan genuela, aurten ehunka lagun etorri dira”, adierazi dio MUGAri. Aldi berean, bezperako giroa ere gogora ekarri du, Elizabarrin saxofonista eta pianista batek eskaini zuten kontzertuaren arrakasta nabarmenduz: “Benetan polita izan zen”.

Atzoko musikatik gaurko landare eta loreetara egin du jauzi herriak. Izan ere, postuetan landareak, loreak eta lorazaintzako produktuak ez ezik, “kapritxo” goxoak ere izan dira salgai, bisitarien artean harrera ona izan dutenak. Guztia, gainera, parekorik ez duen eszenatoki batean: Garai herri ederrean, bere ondare arkitektoniko eta naturalagatik ezaguna. Eguraldi eguzkitsua lagun, giroa are eta biziagoa izan da, eta tenperatura ezin hobeak egun osoa goxatu du.

Azokaren testuinguruan, berrikuntza gisa, Liztor Asiarraren (Vespa velutina) eraginari buruzko txosten bat ere aurkeztu da gaur eguerdian Garai-ko Kultur Etxean, 12:00etan. Ekimen hau Urkiola Landa Garapenerako Elkartea eta Bizkaiko Erlezainen Elkartearen eskutik antolatu da. Txostenaren helburua eskualdeko egoera ezagutzea, harrapaketen emaitzak baloratzea eta tranpen jartzea modu eraginkorragoan hobetzea izan da.

Azokak 19 postu bildu ditu, horietatik 12 landare eta lore enpresenak, eta gainontzekoak artisautza eta elikadura arloko eskaintzek osatu dituzte: eskuko tresnak, egurra eta loreak uztartzen dituzten artisauak, gaztagile bat, okina eta gozogilea, kontserba eta garagardo ekoizlea, eta bertako produktuen txosna bat.

Goizeko 10:00etatik 15:00ak arte zabalik egon den azokak erosketak gordetzeko zaindegi zerbitzua ere eskaini du. Zerbitzu hori erabili dutenen artean, Durangaldeko ekoizleen produktuekin osatutako otzara baten zozketa egin da, irabazleak Etartie dendan jasoko duena.

Antolatzaileek, Garaiko Udala-k eta Urkiola Landa Garapenerako Elkartea-k, balorazio oso positiboa egin dute, eta eskerrak eman dizkiete laguntza eman duten eragile guztiei, bereziki Garaiko San Migel Nagusien Elkartea-ri, udal langileei eta boluntarioei.

Azkenik, nabarmendu da herrira oinez hurbildu den jende ugaria, bai Abadiñotik eta bai Iurretatik Goiuriatik gora eginez, eta horrek trafikoa eta herriko edukiera mugara eraman ditu, Garai txikia gainezka egiteraino.

Hamabigarren edizio honek berretsi du azoka erreferente bihurtzen ari dela landare eta lorazaintzaren zaleentzat, eta aldi berean, Garai-ren bizitza sozial eta ekonomikoa indartzeko topagune garrantzitsua dela.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu