‘JAN ALAI BURGER’ · Amorebieta sormen eta zaporearen agertoki bihurtzen da asteburuan
Aurten, hanburgesek izango dute protagonismoa, sormen libreko proposamenekin. Horri esker, ostalaritza-establezimenduek beren irudimena eta berrikuntza erakusteko aukera izango dute, herritarrentzat proposamen original eta berezien bidez esperientzia gastronomiko berriak eskainiz. Udalak antolatutako lehiaketaren helburua da tokiko kontsumoa sustatzea eta, horrez gain, irabazleei 1.000 eurora bitarteko sariak ematea.

Aurkezpena.
Bihar, apirilaren 17an hasita, eta maiatzaren 3ra arte, ospatuko da Jan Alai Burger sormenezko lehiaketaren lehen edizioa. Herriko 18 taberna eta jatetxek hartuko dute parte, bakoitzak bere sormen libreko hanburgesa proposamena aurkeztuz. Horrela, establezimenduek askatasun osoa izango dute osagaiak eta konbinazio berritzaileak aukeratzeko, bezeroak harritzeko helburuarekin.
Lehiaketaren eta parte-hartzearen xehetasunak
Jan Alai Burger lehiaketa apirilaren 17tik (ostirala) maiatzaren 3ra (igandea) bitarte egingo da. Parte hartzen duten establezimenduek hanburgesak eskainiko dituzte, eta ordutegi zehatzak jakiteko, taberna edo jatetxe bakoitzarekin zuzenean kontsultatzea gomendatzen da.
Edizio honetan, hanburgesak erabat sormen librekoak izango dira, eta horrek aukera emango die establezimenduei zapore, teknika eta konbinazio berriak aurkezteko.
Sariak eta bozketak
Lehiaketak bi sari nagusi izango ditu:
- 1.000 euroko saria, epaimahaiak aukeratutako hanburgesa onenari, sormena, zaporea eta aurkezpena kontuan hartuta.
- 500 euroko saria, herritarren boto gehien jasotzen duen hanburgesarentzat.
- Horrez gain, herri-bozketan parte hartzen dutenen artean 500 euroko zozketa egingo da.
Sari banaketa maiatzaren 3an, igandean, 18:00etan izango da Zelaieta Zentroan, eta bertan zozketa ere egingo da boto-emaileen artean.
Establezimendu parte-hartzaileak
Lehiaketan parte hartuko duten 18 establezimenduak hauek dira (eta HEMEN ikus daitezke bakoitzaren hanburgesen xehetasunak):
Goider
Ortzimuga
Batzoki Amorebieta
Coco Loco Smash Burger
Propi
La Amistad
Zelaieta
Aterpe
Leku Berri
Oasis
Venezia
Singing Munch
Harrison
La Viña
Aspaldiko
Amets
Txiri Txiri
Bar Iruña
Tokiko kontsumoa dinamizatzeko ekimena
“Jan Alai Burger lehiaketa aukera bikaina da Amorebieta-Etxanoko ostalaritza-sektorea indartu eta dinamizatzeko, gure taberna eta jatetxeei beren sormena eta talentua erakusteko aukera emanez. Lehen aldiz antolatzen den hanburgesa lehiaketa honek formatu berriak eskaintzen ditu eta herriko gastronomia-eskaintza aberasten laguntzen du. Ekimen honen bidez, tokiko kontsumoa sustatzeaz gain, herritar eta bisitarientzat esperientzia gastronomiko berriak sortzea ere bilatzen dugu”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.





