Iurretako Udalak udako tailerretan izena emateko epea zabalduko du astelehenean
Iurretako Udalak, aurten ere, uztailean zehar umeen aisiari alternatiba bat emateko Udako Tailerrak antolatu ditu. Eskola-oporren etorrerarekin batera aisialdi hezigarri, aberasgarri eta erakargarria eskaintzea da helburua, familien uztartze bati erantzuna emanez. Proiektu hau herrigunean egingo da, hain zuzen ere, eskola publikoaren lokaletan, eta ekintza gehienak herrian zehar eta aire librean burutuko dira, bertan dauden baliabideak aprobetxatuz.

Aurtengo gaia «Next Stop: The World» izango da, eta Iurretako udako tailerrek herritik irten gabe bidaiatzera gonbidatzen dituzte haurrak. Abentura eta aurkikuntza lelopean, egun bakoitza herrialde desberdin bati eskainia egongo da. Jarduera dinamiko eta parte-hartzaileen bidez, parte-hartzaileek bertako kultura, gastronomia, kirolak eta musika ezagutuko dituzte, eta, aldi berean, hizkuntzak modu natural eta dibertigarrian ikastea sustatuko dute. Gainera, berrikuntza gisa, aurten parte-hartzaile bakoitzak bere bidaia-pasaportea izango du, eta egunez egun irteerako eta helmugako zigiluekin osatuko dute.
Programa ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean garatuko da eta 3 urteko umeen (HH3) eta DBHko 2. mailako gazteen arteko adingabeei zuzenduta dago. Aisirako programa elebidun eta hezigarria izango da (euskara eta ingelesa), eta adinaren arabera bost talde egingo dira. I taldea (HH3, HH4 eta HH5) elebiduna izango da, ekintzen % 70 euskaraz eta % 30 ingelesez eginez. II taldeak (LH1 eta LH2) eta III taldeak (LH3 eta LH4) ekintzen % 50 euskaraz eta % 50 ingelesez burutuko dituzte. Azkenik, IV taldeak (LH5 eta LH6) eta V taldeak (DBH1 eta DBH2) ekintzen % 40 euskaraz eta % 60 ingelesez izango dituzte.
Tailerren ordutegia 09:00etatik 14:30era izango da eta kanpamentuan bazkalduko da. Astearteetan eguerdira arteko txangoak egingo dira inguruetan, eta ostegunetan, berriz, hainbat lekutara bidaiatuz luzatuko da lanaldia, 17:00etan Iurretara itzuliz eta egun osorako janaria etxetik ekarri beharko dutelarik.
Interesdunek apirilaren 13tik 25era bitartean aurkeztu beharko dute inskripzio-orria HAZen edo telematikoki. Onartutakoen zerrenda maiatzaren 6an argitaratuko da Ibarretxe kultur etxean.
Matrikularen zenbateko orokorra asteka ordainduko da, eta unitate familiar bereko ikasle bat baino gehiago matrikulatuta badago, murrizketa aplikatuko da: bigarren kideak % 50eko deskontua izango du eta hirugarrenak % 75ekoa.
Informazio gehiago eskuratzeko, herritarrek Ibarretxe Kultur Etxera jo dezakete, www.iurreta.eus webgunea bisitatu, 94 620 03 42 telefonora deitu edo kultur-etxea@iurreta.eus helbidera idatzi.





