Asteartea,
2026ko Abuztuak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

‘Tiranoen egunak’, Zornotza Palestinarekin

ZORNOTZA PALESTINAREKIN

Libano, Groenlandia, Kuba, Iran, Venezuela edo, nola ez, Palestina,  gaur egun mendebaldeko inperialismoak ospil herriak bihurtu dituen eremuak dira. Historian zehar zerrenda hori luzatu bakarrik ez da egin, eta etorkizun hurbilean gelditzeko intentziorik ez daukala igarri daiteke. Mundu potentzia izaera beretzat hartu duten herrialdeek bere interesak asetzeko edozein modu erabiliko dutela aski erakusten digute egunero. Tamalez, eszenatoki hori behin eta berriz ikusi dugu lehendik  hainbat eratako gobernuek eraginda: ez dago desberdintasun ideologikorik lurraldeak konkistatu eta bandera beldurgarriak areagotu nahi dituzten estatuen artean. Mundua maneiatzen dute azoka handi bat izango balitz bezala, edozein baliabide prezio merkean lortzeko odola isurtzea ez da eragozpena giza bizitza merkatu librearen eskutan utzi duten agintarien baitan.

Jarduteko modu hori ezaugarri eta modu faxistez baliatu izan da beti, eta ondo dakite hori terrore sionistak orain dela zenbait hamarkada sarraskitutako eta akabatutako palestinarrek. Gaur egun ez dago inolako disimulurik: orain buruzagi inperialistek ez dute harropuzkeria ezkutatzen, eta sare sozialetan marruka aritzen dira beraien sua elikatzen. Horregatik, hilabetearen azken ostegunetan, gure plaza indarkeria horri eutsiko dion harresia bihurtu nahi dugu, palestinar herriarentzat bake duina eta justua exijitzeko, palestinar herriak baduelako garaia bere etorkizuna aukeratzeko, eta hori lortzeko beraiena bakarrik den autonomia osoa eskuratuz baino ezin delako. Horretarako, lege eta hitzarmen internazionalak existitzen badira ere, politiko immobilistek erabilgarritasun gabeko idatziak balira bezala tratatzen dituzte.  Mendeak igaro dira, baita banderak aldatu ere, baina planeta konkistatu nahi dutenen izaera ez da aldatu.  XXI. mendean gertatzen ari diren egoera beliko guztiak tankera bera dute eta erlazionatuta daude; izan ere, bonbek suntsitutako edozein lurraren aieneen soinua berbera izaten jarraitzen du. Egunsentiarekin begiak zabaldu eta daukaten guztia hondatuta esnatzen diren lurraldeak beste batzuen erabaki estrategikoen helburua dira: beraiena ez den lurraren espoliazioa eta lapurreta egitea gure begi bistan inpunitate osoz.

Inoiz baino gehiago, momentu historiko honetan, garrantzitsua da gure herri, plaza eta auzoetan ahotsa altxatzea komunikabide eta hedabideen agendetan ezarri den isiltasunaren kontra, informazioaren trafiko arin eta gehiegizkoan Palestinar Herriaren laguntza oihua gal ez dadin modako garrantzi gabeko gaien artean. Barnera dezagun gure eskua luzatzea, keinu sinbolikoaz haratago, badela ekintza sortzailea. Munduko herri horiek infernu bihurtu dituztenen erantzukizun eta errua zigortzeko lege eta erabaki tinkoen laguntza bultza dezakeena. Testuinguru horretan aipamen berezia egiten diegu ausardiaz eta determinazioz genozidio sionistaren aurkako auzi salaketa bultzatu duten Palestinarrentzako Nazioarteko Justizia-zentroari eta 195 Koalizio Globalaren Euskal abokatu euskaldunei. Badakigu bidea malkarra izango dela, eta itzal ditzakeela esperantzaren izpiak, argitu baino lehen. Baina ekintza horrek eskaini ditzakeen ondorio ezinbestekoez haratago, genozidio eta basakeria etetea, bada gerra kriminalak jazartzeko lehenestearen beharrizana. Antzina egindako akatsak ezin ditugu errepikatu, historiak berak bakarrik ezin ditu gerora tirano eta horien aldekoak epaitu, bidegabea eta onartezina den historia bakarra egunean gertatzen ari dena delako.

Atalak bildu eta bildu egiten dituen gorrotoaren internazionalizazioak etorkizun beldurgarri eta  zalantzagarrirantz bideratzen gaitu.Integrismo erlijioso eta teokraziaren gainean hizketan ari zaizkigun bitartean, artifizialki eta amets jainkozalez sortu diren estatuak edo jainkoaren graziak bultzatzen dituen armadak dira kaosa lurrean eragiten dutenak. Gaur ez bezala, orain balizko mundu gerra baten ebidentzia  argien ikusle zuzenak bihurtu gara, baina ezin dugu ahaztu genozidioaren arrasto odoltsuak urte gehiegi daramatzala Palestinan ezarrita edozelako aitzakiaren izenean.

Azken aldian, gure buruetan badabil  zerbait, ahoz gora esateak beldurtzen gaituena, lehen muga eta lur urrunetatik zetozen ardura moral hutsak izatetik, gure egunerokotasunean eragina duten ondorioak izatera pasatu direnak. Beharbada, egun batean bonbak eta tiroak ez dira izango komunikabideek uzten diguten oihartzunaren arrastoa. Agian, edozein egunetan gure etxeetako kristalak dardaratuko dituen hotsa izango dira. Beranduegi litzateke orduan, munduaren inertziak bi paper eskainita, gertaeren bilakaerek lekua hartzera behartuko ligukete: biktimak edo borreroak. Izango garenaren erabakia ere badago gure esku eta gure ekintzetan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu