Igandean ospatuko dute Durangaldeko Txistulari Egunaren 70. ekitaldia Abadiñon
Martxoaren 15ean, San Jose bezperatan, Durangaldeko Txistulari Egunaren 70. ekitaldia ospatuko da Abadiñon. Ospakizuna berezia izango da, izan ere, herri berean egin zen lehenengo ekitaldia 1956. urtean, eta handik abiatu zen gaur arte iraun duen tradizioa.

Ekimenaren sustatzailea Juan Lasuen zaldibartarra izan zen, “Zapaterue” ezizenez ezaguna, Alejandro Aldekoa txistulari handiaren ikaslea. Bere asmoa argia zen: Durangaldeko txistulariak elkartu eta txistuaren zaletasuna indartzea. Ordutik, lekukoa hartuz, eskualdeko herriz herri ospatzen da urtero topaketa.
Lehenengo ekitaldi hartan bederatzi txistulari elkartu ziren Abadiñon. Garai hartan ez zegoen atrilik, eta bi mutiko arduratu ziren partiturei eusteaz; horietako bat Otxandiokoa zen. Urteen poderioz, ordea, ekitaldia handituz joan da, eta gaur egun dozenaka musikariren eta artistaren topagune bihurtu da.
Aurtengo kontzertuan, igandean, 70 bat musikari eta artistak osatutako taldea batuko da. Parte hartuko dute, besteak beste, Abadiñoko abesbatzak, pianojole batek, klarinete jotzaile batek, Zornotzako Udazken taldeko gaiteroek, Iñaki Leibar trikitrilariak, Bartolome Ertzilla musika eskolako txistulariek, metal seikote batek eta Abadiñoko Talde Batuak dantza taldeko dantzariek. Antolatzaileek azaldu dutenez, garai berrietara egokitu diren arren, txistua izango da berriro ere protagonista egun handian.
ZUZENDARIA: ELEDER ITURRIETA
Kontzertua Eleder Iturrieta durangarrak zuzenduko du, eta askotariko egitaraua prestatu dute Abadiñoko probalekuan eskainiko duten emanaldirako. Besteak beste, honako piezak interpretatuko dituzte: Zortziko anonimoa (Juanma Saezen moldaketa), Txatxamatxalinatxu (herrikoia / Mikel Urdangarin), Muskerraren baltsa (Kepa Junkera), Baldorba (Benito Lertxundi), En mi viejo San Juan (Xabier Zabalaren moldaketa), Dantzari dantza (herrikoia), Neska zaharrak (Urretxindorrak), Baltsen potpourria (moldaketa Xabier Zabala), Aitormena (Josu Zabala Hertzainak) eta Goizalde biribilketa (Sabin Bikandi).
Eguneko egitaraua goizeko 9:30ean hasiko da kalejira alai batekin, eta 12:30ean kontzertua eskainiko dute Abadiñoko probalekuan. Antolatzaileen ustez, sortzaile izan zen Juan Lasuenek pozik ikusiko luke berak abiatutako egunak izan duen jarraipen sendoa eta urteotan sortu den txistulari harrobi zabala.





