‘Gaztea’ irabazi ondoren, Durangoko GAR nagusitu da Herri Urratseko maketa lehiaketan
Durangoko Jon García Zabalak gidatzen duen GAR proiektu musikala izan da Herri Urratseko Musika Maketen III. Lehiaketako garailea. Entzuleen bozketaren bidez erabaki da irabazlea, eta GAR izan da boto gehien jaso duen taldea.

GAR.
Lehiaketako finalera bost talde iritsi ziren: Bisaiak, GAR, Indigo, Neu Troia eta Somak. Otsailaren 16tik 23ra bitartean egin zen bozketa, eta entzuleek talde bakarraren aldeko botoa eman ahal izan zuten. Bozketaren ondoren, GAR proiektua izan da garaile.
Antolatzaileen arabera, aurten aurkeztutako 20 talde ingururen maila “oso altua” izan da, eta aurreko urteetan baino estilo aniztasun handiagoa nabarmendu da. Halaber, epaimahaiaren lehen hautaketan adostasun handia egon zen bost talde finalistak aukeratzerakoan.
GAR proiektua Jon García Zabalak sortu du. Durangoko musikariak 15 urte baino gehiago eman zituen Mocker’s rock taldean abeslari eta baxu-jotzaile gisa, baina azken urteotan bere ibilbideari norabide berria eman dio bakarkako proiektu honekin. Bere kantuek bizipen pertsonalak dituzte oinarri, eta pop sentikor eta melodikoan murgiltzen dira, rock ukitu batzuekin.
Garciak iaz kaleratu zuen Oraina eskuetan diskoa, eta aurretik Gaztea irratiko Maketa Lehiaketa ere irabazia zuen. Orain, Herri Urratseko maketa lehiaketa ere bereganatuta, beste bultzada bat eman dio bere ibilbide musikalari.
ZORIONAK!





