Ostirala,
2026ko Abuztuak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

‘Kaka’ antzezlana bihar taularatuko da Durangoko San Agustin Kultur Gunean

Bihar, martxoak 5, osteguna, 19:00etan, Kaka antzezlana taularatuko da San Agustin Kultur Gunea aretoan. 85 minutuko iraupena duen komedia ganberro eta probokatzailea euskaraz eskainiko da, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai (7,50 euro bazkideentzat).

Herriko plazan kaka-mokordo bat agertu dela abiapuntu hartuta, egoeraren analisi sakona eta umoretsua proposatzen du lanak: nork egin du? Noiztik dago hor? Zer egin behar da orain? Noren ardura da? Nori dagokio “marroi” hau argitzea edo garbitzea? Galdera horien bueltan, gizartearen erantzukizun indibidual eta kolektiboari buruzko hausnarketa plazaratzen du piezak. “Kakak kaka dakar” esamoldeari helduta, ikusleak interpelatzen ditu: nolakoa litzateke mundua bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz?

Ikuskizuna Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala-ren ekoizpena eta zuzendaritzapean sortu da, eta Espe Lopez aritu da eszena-zuzendari lanetan. Testua Kepa Errasti, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren artean ondu dute. Oholtza gainean, berriz, Ainhoa Aierbe, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala beraiek ariko dira.

“Kaka” AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Bekaren irabazlea izan da, eta antzezlanak ezkutuan mantentzen ditugun gai deserosoak agerian jartzeko festa moduko bat proposatzen du, barrea eta probokazioa tresna hartuta.

Emanaldia Sanagustinalde kaleko 12. zenbakian izango da, eta antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte komedia zorrotz eta ausart honetaz gozatzera.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu