Larunbata,
2026ko Abuztuak08

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Donostiako Orfeoia, Euskaltzaindia eta Joseba Sarrionandia Zaldibarren, Bittor Garitaonandiaren omenez

MUGA DURANGALDEKO AISIALDI GIDA

Zaldibarko Udalak eta Gerediaga Elkarteak ekitaldi sorta zabala prestatu dute Bittor Garitaonandia omentzeko, eta martxoa izango da gorazarre egiteko hilabete nagusia. Aurten, 150 urte betetzen dira zaldibartar kulturgilea jaio zenetik, eta 50 urte azkenengoz omendu zenetik; horregatik, martxoan zehar askotariko jarduerak egingo dira Zaldibarren, haren figura eta ekarpena merezi bezala aitortzeko.

Gotzon Gomez, Eneritz Azpitarte eta atzean Bittor Garitaonandia. GEREDIAGA ELKARTEA

Martxoaren 5etik 15era: Erakusketa berezia
Martxoaren 5etik 15era, liburutegi zaharrean erakusketa berezia egongo da ikusgai. Bertan, panel informatiboak, Garitaonandiak idatziriko testuak eta partiturak bilduko dira, haren ibilbide oparoa gertutik ezagutzeko aukera eskainiz. Irekiera ekitaldia martxoaren 5ean izango da, 19:00etan.
Martxoaren 6a: Ipuin lehiaketako sari banaketa

Garitaonandiaren omenez antolatutako lehen ipuin lehiaketako sari banaketa martxoaren 6an egingo da, 18:30ean, ospitale ondoko kaperan. Abendu eta urtarrilean jokatutako lehiaketan 8 eta 12 urte bitarteko 38 ume zaldibartarrek hartu dute parte. Gazteen sormena sustatzea eta Garitaonandiaren literatur sena gogoratzea izango dira ekitaldiaren ardatz.

Martxoaren 7a: Jendaurreko batzarra eta hitzaldia

Martxoaren 7an, Euskaltzaindiako kideek eta udal ordezkariek jendaurreko batzarra egingo dute udaletxean, 12:00etan, euskaltzain urgazle izan zenari gorazarre egiteko. Era berean, Joseba Sarrionandiak Bittor Garitaonandiaz eta Zaldibarko literaturaz jardungo du solasaldian.

Martxoaren 14a: Kontzertu berezia
Martxoaren 14an, Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko du Olazarko frontoian, 19:30ean. Sarrerak otsailaren 23tik martxoaren 6ra egongo dira salgai udal liburutegian, bost euroan.
Martxoa, oroimen eta etorkizun

Eneritz Azpitarte alkatearen hitzetan, “martxoa zaldibartar emankorraren ekarpenak gogoratzeko eta ohoratzeko hilabetea izango da. Euskara, musika konposizioa, literatura, kazetaritza, ondarea… Garitaonandiak argi izpi zabal bat ekarri zuen dena egiteke zegoen garaian. Ezinbestekoa dugu bere figura merezi bezala ohoratzea, iraganetik ikasteko eta etorkizunera begiratzeko”.

Gotzon Gomezek, Gerediaga Elkarteko presidenteak, nabarmendu du Garitaonandiaren lana jasotzea, ikertzea eta zabaltzea funtsezkoa dela, Euskal Pizkundearen garaiko pieza giltzarria izan baitzen. Pello Zabartek hari buruz egindako lanak 2025eko Ikerlari Gazteen Sariketa irabazi du, eta emaitzak aurtengo Astola aldizkarian eta erakusketan bertan ezagutaraziko dira.

Aurkezpenean. IBAN GORRITI (MUGA)

Zaldibartar emankorra

Bittor Garitaonandia Ariño 1876ko martxoaren 6an jaio zen, Zaldibarko Zaldua plazako Zapatarikoa etxean. Euskaltzalea, musika konpositorea, tenorea, antzezlan idazlea eta euskaltzain urgazlea izan zen. Musikaren alorrean, Zamorako katedraleko maisu tenore aritu zen, eta Donostiako Orfeoia handitzen lagundu zuen XX. mendearen hasieran. Euskalgintzan, Argia -ez gaur egungo Argia- astekariaren sorreran parte hartu zuen, eta hainbat antzezlan eta ipuin liburu idatzi zituen euskaraz. 1925ean euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta euskara estandarraren bultzatzaileetako bat izan zen. Abadea 1929ko irailaren 3an hil zen Donostian, ondare oparo eta bizia utzita.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu