Plateruenan eguzki-plakak jartzeko eta estalkia berritzeko lanak hasiko dira
Durangoko Udalak Plateruenako eraikinean asfaltozko oihala berritzeko eta ondoren eguzki-plakak jartzeko lanak esleitu ditu, eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Lanak datorren astean hasiko dira.

Obra Promuza 2007 SL enpresari eman zaio, 34.489,18 euroan (BEZa barne), eta bi hilabeteko epea izango du gauzatzeko. Epe horretan, gaur egungo asfaltozko oihala ordezkatuko da, estalkiaren iragazgaiztasuna eta iraunkortasuna bermatzeko.
Esku-hartze hau udal-eraikinak energetikoki berritzeko plan zabalago baten barruan kokatzen da. Ildo horretan, 2025aren erdialdean amaitu ziren Landako Gunean teilatua iragazgaizteko eta 576 plaka fotovoltaiko instalatzeko lanak, energia-eraginkortasunean eta iturri berriztagarrien erabileran aurrerapauso esanguratsua eginez.
Halaber, Laubidetan antzeko proiektu bat aurreikusten da, oraindik planifikazio fasean dagoena. Horrela, Udalak jasangarritasunarekin eta 2023-2027 Legegintzaldiko Planarekin duen konpromisoan aurrera egiten jarraitzen du, karbono-aztarna murriztea eta eraikin publikoen energia-kontsumoa optimizatzea xede.





