Larunbata,
2026ko Abuztuak08

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

113.000 euro Garaiko basoak berritzeko eta Oizko bidea konpontzeko

MUGA ONDAREA

Garaiako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Iberdrolak elkarlanean egindako 113.000 euroko inbertsioari esker, herriko baso-eremuetan basoberritze lan zabalak egin dira eta Oiz mendira doan bidean oinarrizko konponketak amaitu dira. Guztira, 90.770 metro koadroko azalera basoberritu da, eta bidean zeuden zulo eta hondatutako guneak berritu dira.

Garai. GARAIKO UDALA

Basoberritze lanetarako aurreikusitako inbertsioa 82.202 eurokoa izan da, eta bideen konponketara 31.000 euro bideratu dira. Garaiako Udalak, bere aldetik, 16.000 euro jarri ditu Oiz mendirako bidearen hasieran zeuden arrakala eta zulo nagusiak konpontzeko.

Zuhaizte lanak Trumoitan egin dira. Bertan, 45.500 metro koadroko eremuan hostozabalak landatu dira, bereziki ametzak, arteak eta urkiak. Guztira, 2.738 zuhaitz sartu dira: milatik gora ametz eta arte, eta 547 urki. Horrez gain, beste 52.000 metro koadro itsas pinuz eta zedroz basoberritu dira. Esku-hartze horiei esker, hiru milatik gora zuhaitz landatu dira guztira, eta basoberritzea amaitu ondoren, zuhaitzak babesteko itxiturak jarri dira.

Landatutako espezieak aukeratzerakoan, lursailen orientazioa eta ezaugarriak kontuan hartu dira. Udalak azpimarratu duenez, basoen ustiapenak etorkizunean diru-sarrerak ekarriko dizkio herriari, bestelako jardueretatik jasotzen diren baliabideak mugatuak baitira. Horrez gain, proiektuaren helburuen artean daude basoa dibertsifikatzea, bertako espezieei lehentasuna ematea, ingurumenaren aldetik eremua lehengoratzea, basoari jarraitutasuna ematea eta hegazti zein bestelako animalientzat ekosistema berriak sortzea.

OIZ

Oiz mendira doan bideari dagokionez, egindako lanen xedea izan da asfaltoa hondatuta zegoen tokietako zuloak konpontzea eta porlanezko zati bat birgaitzea, bidearen segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko.

Bestalde, Garaiako Udalak hainbat akordio lortu ditu lursail txikien jabe pribatuekin. Akordio horien bidez, lursail txikiei irtenbidea emateaz gain, herri-basoen hedadura eta jarraitutasuna handitu eta basoaren dibertsifikazioa sustatu nahi da. Ildo horretan, aurten 90.000 metro koadro herri-baso bihurtzeko urratsak egiten ari da Udala.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu