Durangoko ‘Oihu bat Palestinara!’ ekitaldirako sarrerak asteazkenetik eskuragarri
MUGA KULTURA
Oihu bat Palestinara! ekimena prest dago Durangoko Landako Gunea musikaz eta aldarrikapenez betetzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako jaialdi honek kulturaren bidez Palestinaren aldeko oihua plazaratuko du martxoaren 21ean, genozidioaren eta isiltasun mediatikoaren aurrean elkartasuna adierazteko.

Ekitaldirako sarreren salmenta urtarrilaren 28an zabalduko da. Bi prezio izango dira aukeran –15 euro eta 25 euro–, sarrera mota bera izanik baina ekarpen ekonomikoan dago alde bakarra. Ekitaldi solidarioa denez, parte-hartzaile bakoitzak bere aukeren arabera erabakiko du zenbateko laguntza egin nahi duen Palestinaren aldeko borroka eta Euskal Herrian pairatzen den errepresioaren aurkako kutxara.
Sarrerak Euskal Herriko hainbat tokitan erosi ahal izango dira, eta zehaztasunak sare sozialen bidez zabalduko dituzte antolatzaileek.
Euskal Herriko musikari eta artistek bat egin dute oihu kolektibo honetan. Durangoko Landako Gunean taula gainean arituko dira besteak beste honakoak:
Anari, Belako, Chulería, Joder!, Lukiek, La Furia, Ke Lepo, Ibil Bedi, Malakias, Ødei, Mateo Zikuta, Olatz Salvador, Gailu, Hofe, Dena, Eire, J Martina, Bengo, Borla, Lukiek eta beste artista ugari. Gainera, bertsolariak, bakarrizketak eta dantza saioak ere izango dira, giroa eta mezua osatzeko. Antolatzaileek iragarri dute izen gehiago laster jakinaraziko dituztela.
Kulturaren bidezko oihua eta salaketa
Ekimen honek ez du soilik jaialdi izaera. Palestinarekin Elkartasuna plataformak azaldu duenez, helburua da “komunikabide handiek isilarazitako genozidioa lehen lerroan jartzea” eta “Palestinako herriaren erresistentziari babesa adieraztea”.
Israelek su-etenak urratzen jarraitzen duen bitartean eta Palestinako herriaren aurkako garbiketa etnikoa Mendebaldeko gobernuen begiradapean gertatzen den bitartean, Euskal Herriko kultur komunitateak bere elkartasuna adierazi nahi du.
Ekimenaren irabazi guztiak Palestinaren aldeko borroka eta Euskal Herrian mobilizazioengatik jasandako zehapen ekonomikoak arintzera bideratuko dira. Antolatzaileek argi dute: “Ez gara isilik geratuko, ez Palestinarekiko ez hemen jasaten ari garen errepresioaren aurrean”.





