Asteartea,
2026ko Abuztuak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

‘Laika’, hainbat sari jaso dituen ikuskizun ederra, otsailaren 8an San Agustinen

MUGA SAN AGUSTIN

Hainbat sari jaso dituen ikuskizuna da Xirriquiteula Teatro konpainiaren Laika, eta otsailaren 8an, igandea, iritsiko da San Agustin Kultur Gunera, 18:00etan, familientzako antzerki-eskaintza hunkigarri eta zaindu batekin.

1957ko Moskun kokatutako lanak Gerra Hotzaren eta espazioko lehia betean bizi den Laika txakurtxoaren istorioa kontatzen du. Moskuko kale izoztuetan bizirauten duen animalia honek ez daki bere patuak Sputnik IIaren barruan espaziora eramango duenik, ezta historiako lehen izaki biziduna orbitan izango denik ere; are gutxiago, beste batzuen botere-goseak eragindako gehiegikerien biktima bihurtuko denik.

55 minutuko iraupena duen ikuskizunak zeruaren eta espazioaren edertasuna eta lurreko injustiziak uztartzen ditu, lengoaia bisual poetiko baten bidez. Euskaraz eskainiko da, publiko guztiari zuzenduta.

IBILBIDE OPAROA

Laikak ibilbide oparoa izan du jaialdi eta sari banaketetan: besteak beste, 2021eko Max saria familientzako ikuskizun onenari, banku baten fundazioaren saria, Gijongo FETEN jaialdiko sorkuntza eta zuzendaritza onenaren saria, Bartzelonako kritikaren saria eta Drac D’or saria jaso ditu, beste hainbat aitorpenen artean.

Ikuskizuna taldean sortua da (Enric Ases, Marc Costa, Christian Olivé, Iolanda Llansó eta Daniel Carreras), Enric Ases zuzendaritzapean, eta Marc Costa, Iolanda Llansó, Christian Olivé eta Daniel Carreras aritzen dira antzezle lanetan.

Sarreren prezioa 4 eurokoa da, eta 3 eurokoa bazkideentzat. Emanaldia San Agustin Kultur Gunean izango da (Sanagustinalde, 12).

SARIAK
  • 2021eko Max saria familientzako ikuskizun onenari.
  • 2020an Guineueta saria, ikuskizunaren ibilbideari.
  • 2019an Gijongo Fetenen sortzaile eta Zuzendaritza onenari saria.
  • 2019an Banku baten fundazioaren ikuskizun onena saria
  • 2018an Bartzelonako kritikaren saria.
  • 2019an Venus saria, ikuskizun onenari.
  • 2018an Lleidako Drac D’or Saria ikuskizun eta eszenografia onenari
Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu