Igandea,
2026ko Abuztuak16

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Bizkaiko abendu-erronden bilakaera aztertuko dute Iurretako Goiuria kultur gunean 21ean

MUGA KULTURA

Iurretako Goiuria kultur guneak Bizkaiko abendu-erronden inguruko ikerketa sakona hartuko du datorren eguaztenean, urtarrilaren 21ean. Egun horretan, Itziar Navarro Ibañez musikologo doktoreak bere doktoretza-tesiaren emaitzak aurkeztuko ditu “Bizkaiko abendu-erronden bilakaera: diskurtsoak eta praktikak” izeneko berbaldi-solasaldian.

Itziar Navarro.

19:00etatik 20:00etara egingo den saioan, Marijesiak edo abendu-errondak aztertuko ditu ikuspegi sozialetik, musikaletik eta etnomusikologikotik, azken hamarkadetan ohitura horrek izan duen bilakaera ulertzeko asmoz. Ikerketa honek Bizkaian abendua edo marijesiak izen orokorraren pean biltzen diren Gabonetako kantu-erronden azterketa etnomusikologiko konparatua eskaintzen du, musika-egoeren azterketa etnografikoan oinarrituta. Horrela, errondetan parte hartzen duten eragileen motibazio anitzak azaleratzen dira, baita haien diskurtsoek eta praktikek jarduera musikal horiek nola eraldatu dituzten eta gaur egun ere nola moldatzen jarraitzen duten erakutsi ere.

Navarroren doktoretza-tesian Bizkaiko hainbat herri hartu dira aztergai, besteak beste Ea, Lekeitio, Ibarrangelu, Areatza-Ibarruri/Muxika, Gernika eta Iurreta. Egileak azaldu duenez, gaur egun baino askoz zabalagoa izan zen ohitura hau iragan batean, eta Bizkaiko beste leku askotan ere haren aztarnak aurki daitezke. Urteetan zehar, batez ere errondak bizirik mantendu diren herrietan, doinuak, letrak eta inguruko usadioak bildu ditu, ondoren erkaketan oinarritutako ikerketa etnomusikologikoa garatzeko.

Lanaren ondorioen arabera, parte-hartzaileen profilaren eta erronden funtzionaltasunen aldaketek eraldaketa sonoro nabarmenak ekarri dituzte, bereziki ahotsaren teknikarekin eta estetikarekin lotuta. Ildo horretan, kantuen azterketa estrukturaletik lortutako emaitzak ikerketa etnografikoaren ondorioekin uztartzen dira. Era berean, ikerketak informazio zehatza ematen du kantuen jatorrizko testuinguruari eta azken mendeetan izan duten hedapenari buruz, eta aztertutako errealitateak praktika katoliko-latino eta polibokaleko eremu kultural zabalago batean kokatzen ditu. Azkenik, arreta berezia jartzen du azken hamarkadetan gertatutako sekularizazio-, formalizazio- eta ondare-bihurtze-prozesuetan.

Itziar Navarro Ibañez (Donostia, 1991) Musikologian doktorea da, tesia Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurkeztu baitzuen 2024an. Gaur egun Soinuenean lanean ari da, eta irakasle gonbidatu gisa jarduten du hainbat goi-mailako musika-zentrotan. Musikari gisa ere, hainbat proiektutan parte hartzen du.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu