Ostirala,
2026ko Abuztuak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Iurretako IX. mendi astea, Zaldai taldearen 25. urteurrenarekin

MUGA MENDIA

2026. urtea hasi berritan, Zaldai Mendi Taldeak antolatutako Iurretako IX. Mendi Astea egingo da urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bitartean. Urtero bezala, ekimenaren helburua mendia herrira hurbiltzea izango da, hitzaldi, dokumental, ibilaldi eta bestelako jardueren bidez.

Aurtengo edizioak izaera berezia izango du, Zaldai Mendi Taldearen sorreraren 25. urteurrena ospatzen baita. Horren harira, argazki erakusketa bat izango da ikusgai Goiuria kultur gunean aste osoan zehar, eta ostiralean taldearen sortzaileei omenaldia egingo zaie Askondoko aterpean.

Egitaraua urtarrilaren 27an abiatuko da, Mikel Bringazek aurkeztutako “Munduko ibilbiderik onena? (Peru)” dokumental eta hitzaldiarekin. Hurrengo egunetan, Mikel Lizarraldek “Zazpi, kontakizun bat, tontorrez tontor” lana aurkeztuko du, eta ostegunean Maite Zumarraga eta Idoia Rubialek “Shukran, bizitzari mila esker” dokumentala eskainiko dute.

Ostiralean, urtarrilaren 30ean, 25. urteurreneko omenaldi ekitaldiaz gain, Zaldai Mendi Erronka 2025eko sari banaketa egingo da. Asteburuan, berriz, jarduera herrikoiak izango dira ardatz: larunbat goizean Basatzan – Iurretako IX. Mendi Bizikleta Martxa ospatuko da, Angelman sindromearen elkartea laguntzeko helburu solidarioarekin. Izen-ematea zabalik dago jada, eta bildutako dirua elkarte horretara bideratuko da.

Larunbat arratsaldean, familiei zuzendutako Gallandara frontalekin ibilbidea egingo da, umeekin egiteko modukoa, eta tontorrean txokolatea banatuko da. Azkenik, otsailaren 1ean, “Ameli” ipuin kontaketa musikatuak emango dio amaiera Mendi Asteari, Amaia Elizagoien eta Itziar Teietxearen eskutik.

Zaldai Mendi Taldeak herritarrak gonbidatu ditu antolatutako ekintza guztietan parte hartzera, mendiz mendi egindako 25 urteko ibilbidea ospatzeko eta mendizaletasuna partekatzeko. Informazio gehiago eskuragarri dago zaldai@hotmail.com helbidean eta 615 789 859 telefonoan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu