Asteartea,
2026ko Abuztuak11

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Larunbatean, Kriskitin eta Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldea Durangon Folk jaialdiaren bihotzean

MUGA DANTZA

Larunbat honetan, abenduaren 20an, Durangok berriro ere dantza tradizionalaren taupadarekin bat egingo du. San Agustin Kultur Gunean egingo den Durangon Folk 2025 jaialdian, Kriskitin Dantza Taldeak eta Haritz Euskal Dantzari Taldeak oholtza partekatuko dute, antolakuntza lan handiz eta ilusioz prestatutako emanaldi berezi batean.

Kriskitin Dantza Taldea. TXELU ANGOITIA

Kriskitin Dantza Taldeak ibilbide luzea du jaialdiaren antolaketan. 1999an Galeuzka jaialdia antolatu ostean, 2000. urtean eman zioten hasiera Durangon Folk ekimenari, eta ordutik hona, Euskal Herritik eta kanpotik etorritako talde ugari hartu dituzte: Galizia, Katalunia, Menorca, Asturias, Burgos, Zaragoza, Toledo edota Kantabriatik, besteak beste. Urteen joanarekin eta gizartearen aldaketak kontuan hartuta, azken aldian gertuko taldeei lekua ematen hasi dira; iaz Duguna taldea (Iruñea) izan zuten gonbidatu, eta aurten Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldea.

Aurtengo gonbidapena, gainera, berezia da. Abel Iriondo Elortza elgoibartarra Haritz taldeko dantzaria izan zen, Kriskitinen hasi aurretik. Elgoibarren ikasitako hainbat dantza Durangon irakatsi zituen, eta harreman horrek arrasto sakona utzi zuen dantzarien artean. Lotura horrek are esanahi handiagoa ematen dio larunbateko hitzorduari.

IKUSGARRIA

Antolakuntzaren tamaina ikusgarria da: Kriskitin taldeko 110 dantzari baino gehiago igoko dira oholtzara, 7 urtetik 75 urtera bitarteko adin-tartean. Musikak ere protagonismo handia izango du, Jaizale txistulari taldearekin batera soinua, trikitia, panderoa eta biolina joko dituzten 9 musikarirekin. Jantzien atzean dagoen lanak ere merezi du aipamena: 188 jantzi baino gehiago prestatu dira saiorako. Elgoibartik, berriz, 26 dantzari heldu etorriko dira, euren musikariekin batera.

Haritz Euskal Dantzari Taldea Elgoibarko euskal dantzen erreferente nagusietako bat da. 1973an sortua, San Bartolome jaietako soka-dantza eta herriko dantza-ohiturak bizirik mantentzeko helburuarekin, belaunaldiz belaunaldi transmititu du dantzarekiko maitasuna. 1987az geroztik Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren antolaketan ere aritzen da, tradizioa eta komunitatea uztartuz.

Kriskitin Dantza Taldeak, 1986an sortua, ikuskizun ugari sortu eta berreskurapen lan garrantzitsuak egin ditu urteotan: Platillu soinua dantza, Durangoko aratusteak, Ezteguna antzinako erara edota Nazioarteko Folklore Jaialdia, besteak beste. Euskal Herriko dantzak eta Durangoren izena mundura eraman dituzte, Europatik Ameriketara.

Antolatzaileek diotenez, ilusio handiz prestatutako saioa izango da larunbatekoa: dantza, musika, memoria eta komunitatea batzen dituen hitzordua. Durangok, beste behin, dantzaren bidez ospatuko du bere nortasuna.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu