Bihar hasiko da Berrizko Gabonetako egitaraua, familiei zuzendutako ekintza ugarirekin
MUGA GABONAK
Bihar hasiera emango zaio Berrizko Gabonetako egitarauari, publiko orori zuzendutako ekintzekin, eta bereziki familiei eta haurrei begira diseinatutako proposamenekin. Programazioak askotariko jarduerak bilduko ditu: ikuskizunak, tailerrak, kirol ekintzak, magia saioak, kontzertuak, eta baita Olentzero eta Mari Domingi zein Magoen bisita tradizionalak ere.

Familiei eta haurrei zuzendutako lehen jardueren artean, abenduaren 19an igerilekuan jarriko diren uretako puzgarriak nabarmentzen dira, eta abenduaren 21ean, kiroldegian, gimnasia erritmikoaren erakustaldia eskainiko da doan. Horrez gain, abenduaren 27an, haurrek Ipuin Txokoa saioan parte hartzeko aukera izango dute Oihana Etxegibelerekin, Kultur Etxean.
Ikuskizunen atalean, Antton Telleriaren umoreak ere lekua izango du, abenduaren 19an Kultur Etxean “Ninini” ikuskizuna aurkeztuko baitu. Halaber, abenduaren 27an Aretha Gospel taldeak “Spirit” gospel kontzertua eskainiko du San Juan Ebanjelariaren elizan, 19:00etan.
Bestalde, abenduaren 26an, “Olentzero eta Mari Domingiren desagerpena” izeneko ihes-gela abentura-esperientzia antolatuko da, goizeko zein arratsaldeko txandetan, Kultur Etxe zaharrean. Parte hartzeko izen-ematea kartelean agertzen den QR kodearen bidez egin ahal izango da.
ELEDER MAGOA
Urte berriaren etorrerarekin batera, familientzako ekintza gehiago izango dira. Urtarrilaren 2an, Eleder Magoaren “Magia mundiala” ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Kultur Etxean, euskaraz. Urtarrilaren 3an, berriz, haur parkea Olakuetako frontoian jarriko da, goizez eta arratsaldez, 12:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.
Gabonetako ospakizunek ezin dute huts egin Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarik gabe. Abenduaren 24an, 9:30ean, Olakueta plazatik abiatuko dira auzoetara, eta 17:30ean, Udaletxetik Olakueta plazaraino egingo dute ibilbidea. Herritarrei baserritarrez jantzita joateko gonbita luzatzen zaie, segizioari laguntzeko.
Azkenik, urtarrilaren 5ean, magia berriz ere Berrizko kaleetara itzuliko da Magoen kabalgata tradizionalarekin. Komentutik abiatuko da 17:30ean, eta txokolatada herrikoi batekin amaituko da.
Berrizko Udalak herritar guztiak Gabonetako egitarau honetan parte hartzera gonbidatzen ditu, eta jai zoriontsuak opa dizkie guztiei.





