Ostirala,
2026ko Abuztuak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Aldundiak kulturaz, tradizioz eta sormenez beteriko Gabonak eskainiko ditu bere museo eta foru-aretoetan

MUGA FORU ALDUNDIA

Bizkaiko museo eta foru-aretoek aurtengo Gabonetan zabalduko duten programazioa bereziki diseinatuta dago familian gozatzeko, lurraldearen ondarea ezagutarazteko eta esperientzia paregabeak bizitzeko artearen, historiaren, gastronomiaren eta naturaren inguruan. Informazioa, erreserbak eta tarifak: bizkaikoa.bizkaia.eus

El Pobal. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Gabonak iritsiaz batera, Bizkaiko kulturaguneak tradizioa, irudimena eta ikaskuntza uztartzen diren agertoki bihurtzen dira. Aurten, museo eta areto hauetan garatuko da foru-aldundiaren jarduera-agenda: Arkeologia Museoa, Txakolin Museoa, Arrantzaleen Museoa, Euskal Herria Museoa, La Encartada Fabrika-Museoa, El Pobaleko burdinola, Santimamiñe, Ondare Aretoa, Rekalde Aretoa eta Omako Basoa. Gonbit irekia da familientzat, kultura maite dutenentzat eta adin guztietako pertsona jakin-nahientzat, lurraldeaz goza dezaten bertatik bertara eta parte hartuz.

Txakolin Museoa-Txakolinguneak hilaren amaieran, abenduaren 28an, Alberto Bargos ipuin-kontalariak bidaian eramango ditu umeak, familian gozatzeko taxututako gabon-kontakizunen bidez. Euskal Herria Museoan, euskal mitologia protagonista izango da familia-tailer batean, eta, abenduaren 26an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, berriz, hiru sorkuntza-tailer antolatuko dira, txikienek irudimena gara dezaten oporretan.

EL POBALEKO BURDINOLA

El Pobaleko burdinola familientzako topagune bihurtuko da berriro ere, eta haren programak denetarik eskainiko du: hari-artearen tailerrak, ondare-multzoaren ezkutuko txokoak ezagutzeko bisita tematiko bat, taloa egiteko tailer gastronomiko bat, umeentzako forjaketa-saio bat eta 2.000 pieza baino gehiago dituen Playmobileko diorama handi bat, Barbadun ibaiaren ingurua eta Gabonetako euskal iruditeriako pertsonaiak irudikatzen dituena. Abenduaren 20tik urtarrilaren 4ra bitartean bisitatu ahal izango da, zenbait emanalditan, aurretik izena emanez.

La Encartada Fabrika-Museoan, jarduera hauek eskainiko dira Gabonetan: apaingarrien tailer bat (abenduaren 23tik 30era), museoko bertako intxaurrak erabiliz intxaursaltsa prestatzen ikasteko sukaldaritza-saio bat (abenduaren 28a) eta ardi galdu bila jarduteko ibilbide dibertigarri bat, museoan sakabanatutako arrasto eta igarkizunei jarraituz. Gainera, ehungintzaren gaia jorratzen duen neguko paisaia bisitatu ahal izango da. Arrantzaleen Museoak jarduera hauek eskainiko ditu Gabonetako egunak animatzeko: itsasoko emakumeen legatuari buruzko bertso-saio bat (abenduaren 29a), urteari agur esateko sare eta itsasontzi artean egingo den disko-festa bat (abenduaren 30a) eta itsas hondoan inspiratutako koroak egiteko umeentzako sorkuntza-tailer bat (urtarrilaren 3a).

ARKEOLOGIA ETA OMAKO BASOA

Arkeologia Museoan, Gabonak adin guztientzako jarduerez beterik datoz. Helduek abagunea izango dute museoko biltegietara sartzeko —itxita egon ohi dira bisitarientzat—, eta hala ikusiko dute nola kontserbatu, katalogatu eta aztertzen diren Bizkaiko aurkikuntza arkeologikoak (abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an, 11:30ean). Bestalde, aukera izango dute Martiodako erlikiak aldi baterako erakusketaren azken egunez gozatzeko, eta erakusketara bisita gidatu bat egiteko, abenduaren 26an, 17:00etan. Tailerrak egingo dira, etxeko txikiek ondo pasatu eta gure historiari buruz ikas dezaten eta, hala, arkeologian espezialistak, hargintzako ikastunak edo erromatar mosaikoetan adituak bihurtu daitezen, eta antzinako Erroman jolasten ziren bezala jolastuko dira (abenduaren 23an, 26an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 11:30ean). Abenduaren 28an, igandea, familiek Gabonetako zuhaitza apaintzen tailerraz gozatu ahal izango dute, eta aurtengo dekorazioari azken ukituak eman. Eta, urtea hasteko, gure tailerrik dibertigarriena egingo dugu, Arkeologia egun batez, familian gozatzeko (urtarrilaren 4an, 11:30ean).

Rekalde Aretoan arte garaikideari lotutako zenbait erakusketa egingo dira; besteak beste, Rut Olabarriren Trucada e imperfecta erakusketa eta Barriek zikloa. Ondare Aretoan, Zinema-kartelak Bilbon erakusketak aukera emango du diseinu zinematografikoaren historia ezagutzeko, hiriko bizitza kulturalaren parte izan ziren pieza ikonikoen bidez. Erakusketaren osagarri, jarduerak eskainiko dira familientzat, umeek euren kartelak sor ditzaten eta euren historiaren protagonista bihurtu daitezen.

Santimamiñek ipuin-kontaketa musikatu bat eskainiko du hilaren 20an, eta zabalik egongo dira kobaren sarrera ezagutzeko bisitaldiak, gabon-jaiek iraun bitartean, denboraldiko ordutegi bereziak errespetaturik. Azkenik, Omako Basoak bisitariak jasotzen jarraituko du; aldez aurretik erreserbaturik, bisita libreak egin ahal izango dira, edo, bestela, gidatuak, euskaraz zein gaztelaniaz, oporretan arteaz eta naturaz gozatzeko.

Gabonetako ordutegiak

Jaiegunak direla-eta, museoak eta foru-aretoak itxita egongo dira abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu