EH Bilduk Durangoko Emakumeen Kartzelaren itxieraren 85. urteurrena oroitu du
MUGA MEMORIA
Durangoko Emakumeen Kartzela 1939ko azarotik 1940ko abendura bitartean egon zen zabalik, Karidadeko mojen zaintzapean, lehenago Durangoko Villa Marian zen eraikinean. Bertan, faxismoaren kontra borrokatu zuten hainbat emakume preso hartu zituzten, baita frankismoak abortua eta proxenetismoa egotzi zien beste hainbat emakume ere. 11 pertsona hil ziren bertan, 5 emakume eta 6 ume.

Hamarnaka herritar eta elkarteetako ordezkari bildu dira, eta 12:30ean memoriaren ibilbidearekin hasi dute eguna, Kurutziaga Garai gauregitik. Iker Garate historialariaren eskutik 36ko gerrako hainbat pasarte gogoratu dituzte, esanahi esanguratsua duten Durangoko hainbat txoko bisitatuz: Andra Mariako elizpea, Ezkurdiko frontoia, Etxezarreta Jauregia… Ibilbidea emakumeen kartzela izan zenera ailegatu denean, lekuaren historia azaldu du Garatek.
Ondoren, Joseba Sarrionandiak Durangoko Kartzelako Emakumeen omenez sortutako koplak abestu ditu Erika Lagoma bertsolariak. Lore eskaintza egin diete bertan preso egon ziren emakumeei, eta Matxalen Erzillak biolontxeloaren laguntzaz borobildu du ekitaldia.
36KO GERRA
Azkenik, Ima Garrastatxu EH Bilduko bozeramaleak hartu hitza. “36ko gerran eta ondoren, faxismoaren aurka emakumeek izan zuten ezinbesteko papera”, nabarmendu du, “nahiz eta sarritan ezkutatu edo bigarren plano batean utzi nahi izan den”. Eredutzat jarri ditu kartzela horretan bertan, “hain egoera gogorrean, emakumeen artean sortu zituzten aliantzak”, baita “preso zeudenei eta euren senideei zenbait Durangarrek eman zieten laguntza”. Bukatzeko, “gaur egun, garai ilunak etor daitezkeela eta arduratuta gauden honetan, ezinbestekoak dira ariketa memoria ariketa hauek,” ohartarazi du Garrastatxuk.





