Anita Maravillas konpainia zornotzarrak 20. urteurrena ospatuko du Amorebietako zineman
MUGA ANTZERKIA
Miren Larrea zornotzarrak eta Valentina Raposo txiletarrak 2005ean sortu zutenetik, konpainiak lotura berezia izan du herriarekin. Urte hauetan zehar, Zornotza Aretoa izan da beren lan ugari estreinatu eta aurkezteko plaza nagusietakoa, eta tokiko publikoaren harrera beroak harreman hori sendotu du.

Aurkezpena.
Abendu honetan, Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoak Anita Maravillas konpainiaren 20. urteurrena ospatuko du. Konpainia erreferentea da txotxongilo-antzerkian, eta publiko askotarikoarengana heltzeko gaitasunagatik nabarmendu da, emozioz eta sormen bisualez beteriko istorioen bidez.
Urteurrena ospatzeko, konpainiak hiru obra esanguratsu aurkeztuko ditu. Abenduaren 29an, 19:00etan, Jon Braun taularatuko da, western giroan kokatutako istorio hunkigarria, bi anai-arreben arteko lotura eta bizitzaren balio nagusiak ardatz dituena. Abenduaren 30ean, 19:00etan, Kotondarrak ikusi ahal izango da, industria-iraultzaren testuinguruan Ari eta June Koton ahizpen bizipenen bidez komunitatearen eta elkartasunaren indarra aztertzen duena. Urtarrilaren 2an eta 3an, 18:00etan, Andereño eskainiko da, Errepublikako maistra ausartei egindako omenaldia; gerraren atarian dagoen eskola zoriontsu baten istorioak askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko mezua zabaltzen du.
Ikuskizun guztietarako sarrerak jada salgai daude Zornotza Aretoaren webgunean. Koldo Bilbao Kultura zinegotziak adierazi duenez, Anita Maravillas “herriko kultur eskaintzaren funtsezko parte izan da urte luzez, eta ohorea da urteurren honetan bere hiru obra adierazgarri hartzea. Proposamen hauek aukera paregabea dira publiko guztiek kalitatezko kulturaz gozatzeko, eta ziur gaude esperientzia bereziak eskainiko dituztela”.





