Amorebietako Udalak euskarazko irakurketa bultzatzeko ekimen berria jarri du martxan
MUGA KULTURA
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak beste urrats sendo bat eman du herrian euskararen erabilera sustatzeko: irakurzaletasuna eta kultura partekatua indartzea helburu duen ekimen berria. Maiatzean abiatutako Istorioen Txokoa proiektuak ildo berria hartu du orain, Gabonetako oporrak ate joka direla aprobetxatuz, udalerriko txoko ezberdinetan euskarazko liburuak herritarren eskura jartzeko.

Udalaren esanetan, data hau “aukera paregabea da familian, lagunartean edo bakarka euskarazko literaturaz gozatzeko”, eta horregatik indartu dute liburu‐armairuen sarea. Armairu horietan adin guztietarako euskarazko lanak aurkituko dira: ipuinak, eleberriak, komikiak, album ilustratuak nahiz poemak. Aurten, gainera, Udalak bereziki nabarmendu du emakumezko protagonistei edo emakumeek idatzitako lanari emango zaion lehentasuna, “ikusgarritasun handiagoa emateko eta erreferente berriak plazaratzeko”.
Herritarrek armairuetatik liburuak hartu edo trukatu ahal izango dituzte, eta Udalak dinamika horren balioa azpimarratu du: “Ez da soilik irakurketa sustatzeko modua; komunitatea sendotzeko eta euskarazko kultura partekatzeko espazio bizia sortzen du”.
Amorebieta-Etxanoko Udalak herritar guztiak animatu ditu ekimenean parte hartzera eta euskarazko literaturaz gozatzera, “Gabonetan zein urteko gainerako egunetan, euskaraz irakurtzea gure hizkuntza bizirik mantentzeko modu ederra delako”.





