Garaiko Gabonetako Azokan 12 postu izango dira igandean
MUGA GARAI
Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak elkarrekin antolatutako baserriko produktuen Gabonetako azoka abenduaren 14an, igandean, egingo da. Azoka goizeko 11:00etatik aurrera egongo da zabalik, eta tokiko ekoizleen lana eta haien produktuak herritarrengana hurbiltzea izango du helburu nagusi. Ferian 12 postu izango dira.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ekimenak bi norabide uztartzen ditu: batetik, Garain eta inguruan ekoitzitako elikagaiak ezagutaraztea eta merkaturatzen laguntzea; bestetik, baserriko produktuak, ekoizleak, abeltzaintza, gastronomia eta turismoa sustatzea, Gabonen atarian tokiko ekonomia indartuz.
Azokan 12 postu izango dira. Bisitariek askotariko produktuak topatuko dituzte, besteak beste: Idiazabal gazta gaztea, kontserbak, garagardoa, baserriko ogia, gozokiak, ahatekiak, txokolatea eta artisautza-gaiak. Horrez gain, txosna txiki bat ere egongo da, non txerrikiak eta edariak eskaintzen diren. Eguraldiak laguntzen ez badu, antolatzaileek karpa bat jarriko dutela iragarri dute, bisitariek erosketak lasai eta babesean egin ditzaten.
Garaiko Gabonetako azokak bestelako helburuak ere baditu: baserritarrei eta elikagaien ekoizleei euren produktuak plazaratzeko aukera ematea; Garaiko eta eskualdeko biztanleei kalitatezko eta sasoiko produktuak eskuratzeko gune bat eskaintzea; kontsumitzaileak bertako produktuen aldeko hautua egitera bultzatzea; eta, oro har, tokiko ekoizpena eta kalitatezko nekazaritza sendotzea.





