Bitor Garitaonandia zaldibartarraren 150. urteurrena ospatzeko lehen literatura lehiaketa
MUGA ZALDIBAR
Martxoan 150 urte beteko dira zaldibartar ospetsua den Bitor Garitaonandia jaio zenetik. Urteurrena dela eta, udalak hainbat ekimen prestatu ditu, horien artean Garitaonandiaren omenez antolatutako lehenengo literatura lehiaketa. 8 eta 12 urte arteko umeek hartu ahal izango dute parte, hau da, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleek. Kategoria bakarra izango da: parte hartzaileek euskaraz idatzitako ipuinak aurkeztu beharko dituzte. Lanak bereziki osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu, eta irabazleen izenak gehienez hiru hilabeteko epean emango dira ezagutzera. Sariei dagokienez, 70, 50 eta 35 euroko bina sari banatuko dira, eta horiez gain, liburu-sortak eta Durangaldeko liburudendetan erabil daitezkeen bonuak ere izango dira. Guztira, 310 euro eta liburu sortak.

Bitor Garitaonandia.
3. eta 4. mailako ikasleek gutxienez orrialde erdiko eta gehienez bi orrialdeko ipuina aurkeztu beharko dute; 5. eta 6. mailakoek, berriz, gutxienez orrialde batekoa eta gehienez hirukoa. Udalak adierazi du lanak egiteko ezin izango dela Adimen Artifiziala erabili. Lehiaketako baldintza zehatzak, tipografia eta tarteak barne, Zaldibarko Udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Idazlanak Zaldibarko Udalera bidali beharko dira abenduaren 1etik urtarrilaren 18ra bitartean. Horretarako, parte hartzaileek dagokien inprimakia eta eranskinak behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte.
Zaldibartik sortutako sortzaile emankorra
Bitor Garitaonandia Ariño 1876ko martxoaren 6an jaio zen, Zaldua plazako Zapatarikoa etxean. Euskaltzalea zen, musika konpositorea, tenorea, antzezlanen egilea eta euskaltzain urgazlea. Arlo musikalean, Zamorako katedraleko maisu tenore izan zen, eta Donostiako Orfeoia handitzen laguntzen jardun zuen XX. mendearen hasieran. Euskalgintzan ere nabarmendu zen: Argia astekariaren sorreran parte hartu zuen hainbat euskaltzalerekin batera, eta euskarazko antzezlanak zein ipuin liburuak idatzi zituen. 1925ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Garitaonandia 1929ko abuztuaren 3an hil zen Donostian.





