Ostirala,
2026ko Abuztuak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Durangoko Andra Mariak gaur Jose Ignacio Alberdiren hiletak hartuko ditu

MUGA GOGOAN

Jose Ignacio Alberdi Olabegoia hil da, 2025eko azaroaren 29an, 84 urte zituela. Hileta-meza gaur, abenduaren 1ean, arratsaldeko 7etan izango da, Durangoko Uribarriko Andra Maria basilikan. Ez da beilatokirik egongo.

Alberdi. GEREDIAGA ELKARTEA / FAMILIA

1972tik 1979ra bitartean Gerediaga Elkarteko lehendakari izan zen Alberdi, eta garai hartan Durangaldeko kultur mugimenduan eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik gogoratuko da.

Gerediagaren babespean, 1968an Ermuan egin ziren Euskara Batuaren inguruko lehen jardunaldietan parte hartu zuen, euskalgintzan mugarri izan zirenetan. Halaber, bere lehendakaritzan gertatu zen Durangoko Azokaren lekualdaketa, Andra Maritik merkatu plazara. Gobernadore Zibilak eragindako trabak izan arren, aldaketa hark azokaren historian aro berri bat ireki zuen.

URKIOLAKO GERTAKARIAK

Garai hartako zailtasunak agerian utzi zituen 1976ko Urkiolako Euskal Jaien gertakariak ere. Legeztatu gabe zegoen ikurriña agertu zenean, guardia zibilek esku hartu zuten; hala ere, Alberdik “Hamabi harrien ahotsa” liburuan kontatu zuenez, jaiak ez ziren eten. Benito Lertxundi, Xabier Lete, Gontzal Mendibil eta beste artista askoren emanaldia bi tanketaren mehatxupean egon arren, kontzertua egitea lortu zuten.

Alberdiren hitzetan, “Gerediagak, gauzei buruz jakin gura izateko ausardia izan zuen”. Kulturaz gain, eskualdearen nortasuna eta antolamendua ere sustatu zuten. Durangaldeko hiri-antolamendurako planak garatzen ari zirenean, informazio-biltzeak eta herri-batzarrak antolatu zituzten. Ermuaren kasuan, Gobernadore Zibilak bilera galarazi eta, nahasmen baten ondorioz, Alberdiri 10.000 pezetako isuna ezarri zioten. Madrilen TOP epaitegi politikoan epaitu zuten, baina azkenean frogarik ez zegoenez libre utzi zuten.

Euskal kulturaren aldeko konpromiso irmoa eta eskualdearen garapenean egindako ekarpena dira Alberdik utzitako ondare nagusiak.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu