Anton Gómez durangarra, besteak beste, herriko saxo jardunaldian
MUGA KULTURA
Anton Gómez durangarra izango da azaroaren 28an eta 29an Bartolomé Ertzilla Musika Eskolak antolatutako Saxo Jardunaldia 2025 ekimeneko protagonistaetako bat. Jardunaldiak formakuntza-aukera bereziak, tailerrak eta kontzertuak eskainiko ditu asteburu osoan, Durango herriko musika-bizitza eta bertako talentua balioan jarriz.

Anton Gómez.
Gómez, 2001ean Durangon jaioa, Musika Eskolan eta Kontserbatorioan hasi zen Itziar Castrillorekin, eta ondoren Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan jarraitu zuen Ángel Soria eta Nahikari Olorizekin. Gaur egun, Bruselako Errege Kontserbatorioan masterra amaitzen ari da, saxofoiaren nazioarteko erreferente den Vincent Daviden gidaritzapean. Bere ibilbidean kalifikaziorik altuenak lortu ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso du jarraian bi urtez, puntuazio gorena lortuz.
Parte hartzen duten ikasleek asteburu osoan masterclass indibidualak, klase kolektibo partehartzaileak eta amaierako kontzertua izango dituzte, azken honetan Gómez bera ere oholtzara igoko delarik Musika Eskolako ikasleekin batera.
Jardunaldien helburua da ikasketa osagarria eskaintzea eta ikasleen artean bestelako esperientzia musikalekiko jakin-mina piztea, euren ibilbidea aberastuz.
MAHAI INGURUA
Programak jarduera anitz bilduko ditu: Body Percussion tailerra (Alfredo Sanz), Inprobisazio Hastapenak (Jose Gallardo), eta publiko orokorrari irekita egongo den mahai-ingurua, “Zertan aritzen dira durangar musikari profesionalak?” izenburupean. Bertan, Durangon musika-ikasketak hasi eta goi-mailara iritsi diren profesionalen ibilbideak eta erronkak ezagutuko dira.
Jardunaldiak guztiz doakoak izango dira entzuleentzat, eta jarduera guztiak Bartolomé Ertzilla Musika Eskolan egingo dira. Banakako klaseak saxo ikasleei zuzenduta daude, baina gainerako tailerrak instrumentu, adin edo maila guztietako ikasleentzat izango dira.
Amaierako kontzertua Durangoko herriari irekita egongo da, eta asteburuko ekitaldiek herriko musika-komunitatea elikatu eta bertako talentua ospatu nahi dute.





