Astola urtekariak Izaskun Ellakuriaga kazetariak egindako azken elkarrizketa argitaratu du
MUGA ASTOLA
Duela 18 urte sortu zen Astola urtekaria, Durangaldeko ondarea eta historia zabaltzeko helburuarekin. Ordutik, alez ale, egile eta ikerlarien ekarpen ugari bildu ditu, ibilbide zabal eta aberatsa osatuz. Aurten, 19. zenbakian, beste behin, dozenaka erreportaje batu dira aldizkarian.

Horien artean nabarmentzekoa da Izaskun Ellakuriagaren azken lanetako bat: kazetariak Marisa Barrena ekintzaile feministari egindako elkarrizketa, oraingo alean jasota geratu dena.
Horrez gain, Astolak Durangaldeko zinemen ibilbidea, Doliwar ontziaren misterioari buruzko ikerketa, Bittor Kapanagaren bizitzaren errepasoa, Ezkurdiko plazaren arkitekturaren inguruko azterketa eta bestelako gaiak ere bildu ditu.
Erreportajeez gain, 2025. urteari lotutako albiste labur batzuk ageri dira, eta Barruko ibilbideen atalean, eskualdeko kultur zaleek euren txoko bereziak aurkezten dituzte.
Astola 7 euroren truke dago salgai Durangaldeko hainbat saltokitan. Era berean, Durangoko Azokan, Gerediaga Elkartearen standean eskuratu ahal izango da; elkarteko bazkideek, berriz, ale bana doan jasotzeko aukera izango dute.
ASTOLAKO ERREPORTAJEAK
Marisa Barrenari elkarrizketa (Izaskun Ellakuriaga)
Militantzia politiko eta soziala izan da Barrenaren bizitzako lerro nagusi bat, eta gaur egun ere borondatezko lanari eusten dio han eta hemen. Bere deskribapena eskatuta, euskaltzalea eta feminista dela dio. Aramotz auzokoa da, eta bertan erantzun ditu kazetariaren galderak, bizitzari errepasoa egiteko.

Izaskun Ellakuriaga.
Solatsu teileria, historia biziberritzen (Ane Miren Arriaga)
Mendeetan zehar teilak gure etxeak babesteko erabili izan dira. Elorrioko Solatsu proiektuak teileria zaharra berreskuratu eta lanbide zahar honen historiara hurbiltzeko asmoa du.
Jose Ignacio Andreu Uriarte (David Fuente)
Jose Ignacio Andreu artista durangarra 65 urtez hainbat lekutan obrak sortzen eta aurkezten ibili da. Orain, erakusketa batek bere ibilbide emankorrari justizia egin dio. Artikulu honen bidez, bere sormenean murgilduko gara.
Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia (Marta Calvo)
Abadiñoko Ibagoiti etxea, 1939 eta 1951 arteko urteetan, Frankismo garaiko Auxilio Social erakundearen egoitza izan zen. Gerra galdu zutenen haurren eta umezurtzen adoktrinamendua egitea zuen helburu.
El barco del alemán (Txelu Angoitia)
60 urtez Durangoko hiri-paisaiaren parte den itsasontzira igo gara, bitxikeria edo misterio hori argitzeko asmoz. Durangar ugarik eginiko teoria eta fantasiei erantzuna emango die artikuluak.
Oromiño erreka (Justo Alberdi)
Etxetik kilometro gutxira, ia ezezagun, Oromiño errekak txunditu egingo gaitu, bai bere txoko ikusgarriengatik eta baita historia eta kultura arloko aberastasunarengatik ere. Errekan zehar ibilbide bat garatuko dugu artikuluan.
El profeta de Mallabia (José Angel Orobio-Urrutia, Txomin Egiluz Sagastizabal)
Erlijio heterodoxoek indarra zuten leku batean, Mallabiko profetak munduaren eta ondasun materialen amaiera iragarri zituen XIX. mendean. Gertakari bitxi horri buruz gehiago jakingo dugu erreportajeari esker.
Fikzioaren palazioak, ipurtargiak eta garaiko bristadak (Ainhoa Olaso)
XX. mendean zineak belaunaldi askoren bizitza markatu zuen, aisialdirako lekua izateaz gain kultur formaziorako ere bazelako. Durangaldeko herrietan 10 zine areto egon ziren martxan sasoi batean.
La plaza Ezkurdi de Durango (Mikel Onandia)
1970ean inauguratua ideia berrizale batekin, Daniel Fullaondok eta Fernando Olabarriak diseinaturiko Ezkurdiko plazak haize moderno eta utopiko bat ekarri zuen. Horren zergatian eta helburuetan sakonduko dugu artikuluarekin.
Tejeduría: oficio, arte y pasión (Olga Uribe, Maria Zubizarreta)
Lihoaren historia, gure iraganean garrantzia handiko ehuna. Durangaldeko emakume bi hauek ofizioa berreskuratu eta gaur egunera ekarri dute, bakoitzak bere ikuspegitik landuz.
San Bartolomé de Miota, una ermita relevante (Jesús Muñiz Petralanda)
Elorrion, ondare historiko eta arkitektoniko handia duen herrian, San Bartolome ermita oharkabe igarotzen da askoren begietatik, nahiz eta eraikin horrek ere bere ondare-balioa izan.
Bittor Kapanaga, Otxandioko aztia (Gontzal Mendibil)
Aztia, filosofoa, txamana, druida, orakuloa… dira Bittor Kapanaga definitzeko erabili diren berba batzuk. Izan ere, herritar eta kulturgile askorentzako erreferentzia bat izan zen.
SALTOKIEN ZERRENDA
Abadiño: Petite eta Zelaietako estankoa
Arrazola: Amillena
Berriz: Etxebarria estankoa
Durango: Marpa, Gozotxori, Hitz, Arteka, Urrike, Etxebarria, Ikerfer, Museoa
Elorrio: Txokolat
Iurreta: Iurretakopi
Zaldibar: Imendia





