Asteazkena,
2026ko Abuztuak19

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Durangoko Azoka 60 urte betez, Izaskun Ellakuriaga, Bittor Kapanaga eta Palestina omenduz

MUGA DA!

Durangoko Azokak aurten 60. urteurrena ospatuko du, inoiz baino nobedade eta ekitaldi gehiago eskainiz: 1.000 nobedade baino gehiago, 273 ekitaldi eta 285 erakusmahai. Edizio berezi honetan, Bittor Kapanaga otxandiarra eta Izaskun Ellakuriaga iurretarra omenduko dira, eta, gainera, Palestinarekin elkartasuna adierazteko ekitaldi bat egingo da Landako plazan.

Bittor Kapanaga otxandiarra Durangoko Azokan. IBAN GORRITI (MUGA)

Prentsaurrekoa Durangoko Museoan egin da, aurten Arte Ederren gunea hartuko duen Atartea aretoan, eta bertan izan dira egitarauaren antolaketan lanean aritu diren arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia), Aitor Agiriano (Azoka Telebista) eta Garazi Arrizabalaga (Durangoko Museoa). Denek azaldu dituzte aurtengo egitarauaren berrikuntzak eta gunez gune antolatutako ekintzen xehetasunak.

Beñat Gaztelurrutiak azpimarratu du sei hamarkadako lana dagoela Azokaren atzean: «Atzera begirako nostalgian erori gabe, harro aldarrikatu nahi dugu gaur Durangoko Azokak izan duen bilakaera eta pozik heltzen diogu aurrean dugun erronkari».

Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra garatuko da, Landako Gunearen baitan. Bertan 285 erakusmahai ipiniko dituzte eta kulturazaleek 1.026 nobedade eskuratu ahal izango dituzte; horietatik 694 liburu, 163 musika ekoizpen, 30 aldizkari eta 139 bestelako lan (fanzine, audioliburu, podcast…). Lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi programatu dira, inoizko zenbaki handienak. Gaztelurrutiaren arabera, Azokak euskal kulturaren adierazpen berrietara moldatzen jarraitzen du, eta euskarazko sorkuntza bultzatzeko eta kulturaren jaialdi hau ahalik eta anitzena eta koloretsuena izateko lanean dihardu.

Aurten bi gune berri sortu dira: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza). Horrekin batera, Azokak itxita egon ondoren ere, gaueko kontzertuak eta ekitaldiak izango ditu. Abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez arituko dira, 6an Mirua eta Naxker, baita Behe Bandakoen errezitaldia eta BostOK konpainiaren emanaldi bat. Abenduaren 7an Formol Laborategiaren ikuskizuna izango da, Bittor Kapanaga kulturgilea omentzeko ekitaldia, eta Gaua filmaren emanaldia Paul Urkijo zuzendaria bertan dela. Beste aldetik, Gerediaga Elkarteak omenaldi hunkigarria egingo dio Izaskun Ellakuriagari, elkarteko lagunari eta MUGAko kideari. Iurretarra den kazetaria iaz udan hil zen, 53 urte zituela.

Aurkezpena. IBAN GORRITI (MUGA)

Egitarau osoa durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu ahalko dute zaleek. Talaia gunean Landako Guneko areto nagusian eta museoan egingo dira hainbat mahai-inguru eta hitzaldi, besteak beste Joxe Azurmendi omentzeko ekitaldia, Miranderen inguruko mahai-ingurua eta Euskaltzaindiak Gabriel Arestiri eskainitako lana. Berbagailuan podcastak aurkeztuko dira zuzenean eta gero sarean ikusgai egongo dira. Atartean ilustrazioaren inguruko erakusketak eta aurkezpenak izango dira, baita Irati Bazetaren Harien isla erakusketa.

Ahotsenean liburu eta disko berriak aurkeztuko dira, musika eskolan, eta ikusleek idazle eta musikarien ahotsak zuzenean entzun ahal izango dituzte. Irudienea gunean 35 emanaldi baino gehiago eskainiko dira, tartean Jone, batzuetan, Gaua, Txilarreko sukaldaria, Akelarre inguruko dokumentalak, Lurdes Iriondori buruzkoak, Piztiak telesailaren estreinaldia eta Loa eta Laia telesailaren laugarren denboraldia. Kabian sortzaile eta teknologia, hezkuntza eta familientzako proiektuak bilduko dira. Saguganbaran haur eta gazteei zuzendutako ekintzak izango dira: ipuin kontaketa, musika, tailerrak, mahai-jokoak eta pailazoak. Szenatokiak arte eszenikoetako bederatzi konpainia hartuko ditu, dantza, bakarrizketa eta antzezlanekin.

Euskotrenek garraioa indartuko du, eta autobus zerbitzu berezia jarriko da abenduaren 6tik 8ra Iurretako autopistako parkinetatik Landakora. Aurten ere indarkeria matxistaren aurkako protokoloa egongo da eta puntu moreak jarriko dira. Azoka egunero 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko da, azken eguneko itxiera 18:00etan izango da.

Elkartasunari dagokionez, Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko geldialdia eta ekintza kulturalak egingo dira abenduaren 7an, 14:00etan, Landako Plazan. Abenduaren 5ean Ikasle Goiza ospatuko da eta abenduaren 6an Gazte Eztanda, egitarau zabala gazteei zuzendua eta autobus zerbitzu bereziekin.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu