Divas del Soul, Femmm & Band eta Bogoroditsie izango dira aurten Iurretako Musikaldiaren protagonistak
MUGA IURRETAN KULTURA
Ostiralean hasiko da Musikaldiaren edizio berri bat, Iurretako Udalak musika bultzatu eta jazza, bluesa, gospela edo musika klasikoa bezalako diziplina eta estilo ezberdinak ezagutzera emateko asmoz. Udalak parte hartzeko eta Iurretan musikaz gozatzeko deia egin die herritarrei.

Bogorodotsie.
Programa azaroaren 7tik 21era bitartean garatuko da eta oraingo honetan hiru talde izango ditu soulaz, jazzaz eta musika koralaz gozatzeko.
Horrela, azaroaren 7an Divas del Soul taldea arituko da, Lidia Insaustik gidatutako hirukotea, Iñaki Miguelek (pianoa/gitarra) eta Andoni Etxebestek (bateria) lagunduta, soul musikaren historiako emakumezko ahots garrantzitsuenen errepasoa eginez. Nina Simonerengandik, Aretha Franklin edo Etta Jamesengandik Roberta Flack-eraino.
Azaroaren 14an Femmm & Band taldearen txanda izango da. Egungo jazzaren eszenan ibilbide luzea duen taldea da, eta Donostiako Jazzaldian, Getxoko Jazzaldian eta Gasteizko Jazzaldian aritu da.
Eta azaroaren 21ean Durangaldeko Bogoroditsie Abesbatza arituko da. Honek, ahots musika garaikidearen aldeko apustua egin du eta horretan espezializatu da, nahiz eta ia estilo eta garai guztiak jorratu dituen. Hainbat musikagilerekin lan egin du, bere obrak estreinatuz eta oso ohikoa ez den errepertorioa publikoari hurbilduz.
Emanaldiak Ibarretxe Kultur Etxean izango dira eta sarrerak doakoak izango dira. Dena den, edukiera kontrolatzeko, sarrera erreserbatu beharko da kontzertua baino astebete lehenago, edo ikuskizuna baino egun bat lehenago, 18:30etik aurrera.





