‘Semaforoa’, Logela Multimediaren haur-antzezlana, Zornotza Aretoan izango da

MUGA AMOREBIETA-ETXANO
Logela Multimediaren “Semaforoa” izeneko antzezlan multimedia datorren azaroaren 8an, 17:30ean, ikusgai izango da Zornotza Aretoan. +3 urteko haurrei zuzendutako euskarazko ikuskizun honek antzerkia, bideo-animazioa, musika eta interakzioa uztartzen ditu 55 minutuko emanaldi dibertigarri batean. Sarrerak dagoeneko salgai daude Zornotza Aretoaren webgunean, eta prezioa 5,30 eurokoa da.

Ikuskizunak Eneko izeneko haur baten istorioa kontatzen du: semaforoei ez die kasurik egiten eta beti korrika dabil, dena berehala lortu nahian. Baina, egun batean, amets baten bidez, semaforoko pertsonaiekin topo egingo du eta abentura harrigarri baten bidez bizitza beste modu batera bizitzen ikasiko du.
Antzezlana Sonia Villamor-en zuzendaritzapean eta Imanol Garaizabal-en ideia originalean oinarrituta sortu da. Eszenatokian Eneritz Garcia eta Unai Eleizalde aktoreak arituko dira, eta Edorta Barruetabeña, Gaizka Chamizo, Ander Garaizabal, Ainara Barrainkua eta Basque Films-en parte-hartzea ere nabarmena izango da sormen tekniko eta artistikoan. Logela Multimedia Elorrion jaio zen.
“Semaforoa” 2025eko ekoizpena da.
Informazio gehiago eta sarrerak: Zornotza Aretoa
Kontaktua: kultura@amorebieta.eus





