Julen Apella berriztarraren ‘Sakelako bihotzak’ aurkeztu dute: Z belaunaldia linboan

MUGA KULTURA
Gaur goizean, Elkar argitaletxeak aurkeztu du Julen Apellaren (Berriz, 1998) lehen nobela, Sakelako bihotzak, iaz Augustin Zubikarai saria irabazi ondoren. Aurkezpenean izan dira egilea bera, Xabier Mendiguren editorea eta Urtza Alkorta, Ondarroako alkatea.

Julen Apella bere liburuarekin. ELKAR
Apellaren lana Z belaunaldia du ardatz, milurte berriarekin batera jaiotako gazteen erretratu gisa. Egileak azaldu du nobela 2023an kokatua dagoela, pandemiaren osteko “normalitatean”: “Bi lagun minen bizitza jarraitzen du, 21 urterekin, unibertsitatea amaitu eta helduaroko atean. Oraindik linbo batean bizi dira: ez dute lan finkorik, ezta etorkizuneko plan argirik ere”, azaldu du Apellak.
Bi pertsonaia nagusi ditu istorioak: Iokin eta Felix. Lehenak Arte Ederrak ikasi ditu eta master batean dabil, baina pandemiaren garaian depresioa pairatu zuen. Felix, berriz, langile familia bateko seme bakarra da, izaera apal eta arrazoizkoa du, eta “ez da inoiz nabarmendu ezerretan, eta hori ere esanekoa iruditzen zait”, esan du idazleak.
EZ DIRA BERE ISPILUA
Apellak aitortu du ez duela bere buruaz zuzenean hitz egin nahi, baina pertsonaien bidez islatu dituela belaunaldi baten zalantzak, ezinegonak eta bizitzeko grina. Berarentzak pertsonaiak dira tresna, ez ispilua.
Sakelako bihotzak nobelak gaztaroaren eta helduaroko munduaren arteko trantsizio emozionala jorratzen du, umorearen eta tristuraren arteko oreka bilatuz. Lanak inozentziaren galera, identitatearen eraikuntza eta Z belaunaldiaren ziurgabetasuna ditu ardatz, eguneroko elkarrizketen eta giro urbanoaren bidez kontatua.





