Bihar, Eneko Sagardoy Durangoko Zugaza zineman izango da ‘Karmele’ filma aurkezten

MUGA ZINEMAGINTZA
‘Karmele’ film arrakastatsuaren protagonista den Eneko Sagardoy, bihar, astelehena, 19:30ean, Durangoko Zugaza Zineman izango da filmaren proiekzio berezian. Emanaldiaren ondoren, durangarrekin solasaldi bat egingo da, ikusleek pelikulaz eta bere esperientziaz zuzenean galdetzeko aukera izango dutelarik.

Eneko Sagardoy. TXINTXUA FILMS
Filma Asier Altuna zuzendari tolosarrak gidatu du eta Txintxua Films ekoiztetxearen ekoizpena da. Orain arte harrera bikaina izan du, eta arrakasta horri esker, urriaren 22ra arte egongo da ikusgai Durangon. Egun batzuk lehenago, Altuna bera ere Durangon izan zen filmaren aurkezpenean, publikoarekin esperientzia partekatzeko.
Sagardoy, ‘Handia’ filmagatik Goya saria jaso zuen aktorea, ‘Karmele’-n egindako interpretazioagatik ere goraipamenak jasotzen ari da.





