Ostirala,
2026ko Abuztuak14

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Leire Bilbao ‘durangarra’, Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Saria ‘Klera’ lanagatik

MUGA LITERATURA

Ondarroan jaioa (1978), baina urte luzez Durangon bizi eta lan egiten duen idazleak, Leire Bilbao Barruetabeñak, irabazi du Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2025. Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen sari honek 30.000 euroko ordainsaria du eta urtero ematen da Estatuan lehen aldiz argitaratutako haur eta gazte literaturako lan bati, Estatuko hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzita egon daitekeena.

Leire Bilbao. IBAN GORRITI

Epaimahaiaren arabera, Klera-k “edertasun poetiko handiz erakusten du egileak diziplina artistiko desberdinetan, bereziki irudian, oinarrituta kultura, bakea eta bizikidetzarekiko konpromisoa. Halaber, gatazka, gerra eta heriotza bezalako gai gordinei heltzen die, haurrei ulergarri eginez”.

Era berean, azpimarratu dute liburua “karga liriko sakonaz eta mezu indartsuz idatzia dagoela; etiketarik gabeko literaturaren adibide eta lezio bat dela, diziplina artekoa, sakonki ederra. Giza naturaren muinarekin lotzen den pieza delikatua eta beharrezkoa”.

Ibilbidea

Bilbao Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Ekonomikoa ikasia da. 2006an kaleratu zuen bere lehen poemarioa, Ezkatak, eta geroztik beste hainbat lan idatzi ditu: Scanner (2011), Entre escamas (2018) eta Etxeko urak (2020), besteak beste.

Haur eta gazte literaturan sari ugari eskuratu ditu: Xomorropoemak (Euskadiko Literatura Saria 2017), Bichopoemas y otras bestias (Kirico Saria 2019) eta Etxeko urak (Lauaxeta Saria 2021). Helduentzako bere lana hainbat hizkuntzatara itzuli da, antologia ezberdinetan ageri da, eta musikan ere erabili izan da.

Saria

Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala Kultura Ministerioak ematen du urtero, aurreko urtean Estatuan lehen aldiz argitaratutako lan bati. 2024an Mónica Rodríguez izan zen sariduna. Aurretik, besteak beste, Rafael Salmerón, Beatriz Giménez de Ory, Raimon Portell i Rifà, Juan Kruz Igerabide eta Ledicia Costas izan dira irabazleen artean.

Epaimahaia María José Gálvez Salvadorrek (Liburuaren, Komikiaren eta Irakurketaren Zuzendari Nagusia) zuzendu du, eta bertan izan dira Euskaltzaindiaren, Espainiako Errege Akademiaren, Institut d’Estudis Catalans-en, Acadèmia Valenciana de la Llengua-ren eta OEPLIren ordezkariak, baita iazko irabazlea, Mónica Rodríguez, ere.

KLERA

Sinopsia

Gerra baten erdian harrapatua dagoen ume batek zer eskatzen dio bizitzari?  Nola hitz egiten dio Heriotzari?
Bizitzari eskutik heldu nahi dion ume baten istorioa duzu honoko hau.

Egilea: Leire Bilbao Barruetabeña, June San Sebastian (il. )

Argitaletxea: Elkar

Bilduma: Album ilustratua

Edizio data: 2024

Orri kopurua: 48

PVP originala: 15.50 €

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu