Elorriok Errebonbilloen historia jasotzen duen liburua oparitzen du
MUGA OHITURAK
Urriaren 5ean Errebonbilloetako alardearen doinuak entzungo dira kalean goizeko lehen ordutik, egitarau tradizional eta bereziari hasiera emanaz.

ARGAZKIA · IBAN GORRITI
Izan ere, goizeko bostetan hasiko dira Errebonbilloak udaletxean jaurtigairik gabeko munizioak botatzen, euren txano, frak eta txorrerak soinean. Jarraian, kaleetan zehar ibiliko dira salbak jaurtitzen, eta, indarrak berreskuratzeko, alkateak gosarira gonbidatuko ditu ondoren.
Azkenik, arratsaldeko bostetan, Elorrioko Errebonbilloek Errosarioko Amabirjinari lagunduko diote prozesioan, eta herritarrekin batera soka-dantza dantzatuko dute plazan. Lau mende baino gehiago dituen ohitura hau kultur ekintzekin borobilduko da, ohi bezala. 11:30ean, Basilikako Koruak girotutako meza ospatuko da, eta ostean, 13:00etan, Durangaldeko Jaizale Txistulariek kontzertua emango dute herriko plazan, beste musikari batzuekin batera.
Liburua opari
Iturri Kultur Etxean, turismo bulegoan eta Herritarren Arreta Zerbitzuan, herritarrek eskuragai dute Errebonbilloen historia eta istorioak kontatzen dituen liburua, 1900etik 1965era arte ospatutako jaiaren argazkiak ere badakartzana. Dohainik eskuratu daiteke liburua. Klikatu hemen.





