‘Xorieri mintzo zen’-eko protagonistaren itzala Elorrion biziko da film labur berrian
MUGA ZINEMA
Aitor eta Izaro Arruti buru dituen sortzaile taldea euskaldunon frustrazioak azaleratuko dituen film laburra grabatzen hasiko da urriaren 4an. Udalbiltzak antolatu eta Elorrioko Udalak sostengatzen duen ‘Geuretik Sortuak’ kultur bekari esker garatuko dute proiektua.

Hala, ikus-entzunezkoak ‘Mintzo zen’ du izena eta Elorrio izango da lokalizazioen eremua. Proiektuaren arduradunek azaldu dute laburmetraiaren abiapuntua honakoa dela: “Euskaraz mintzatu ezin den leku batean, Unai isiltasunean mintzatuko da, memoria, hizkuntza eta duintasunaren aldeko azken ahaleginean”.
Hain zuzen, “Xorieri mintzo zen” kantuko protagonistaren erretratu garaikide bat egin nahi dute, eta protagonistak soilik ulertu eta hitz egin dezakeen hizkuntza hori euskara izango da: “Bakarrizketa dispositibo gisa erabili nahi dugu zera ikusarazteko, euskaldunoi euskaraz hitz egiteko eskubidea ukatzen digutenean gugan ze pentsamendu eta sentimendu sortzen diren”.
FIGURANTEAK
Figuranteen bila Urriaren 4an egingo dituzte lehen grabaketak Aldatsekua jubilatuen etxean, goizez eta arratsaldez. Elorriarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte: “Zehazki, 65 urtetik gorako pertsonak”. Interesa duenak Whatsapp bidez 689 79 38 04 zenbakira idatzi dezake, hurrengo informazioa emateko: Izen-abizenak, adina eta hobeto datorkion ordutegia (arratsaldez, goizez edo biak).





