Bartolome Ertzilla Musika Eskolak ateak irekiko dizkie herritarrei berritze lanen ondoren
TESTUA · DURANGOKO UDALA
Bartolome Ertzilla Musika Eskolak bere ateak zabalduko dizkie herritarrei, berriki egindako berritze lanen ostean. Hilabeteetako lanaren eta inbertsio garrantzitsu baten ondoren, eraikinak itxura eta funtzionaltasun berritua du, eta Durangoko Udalak aukera eskaini nahi die herritarrei espazio horiek gertutik ezagutzeko.

ARGAZKIA · GORKA AGIRRE (MUGA)
Horretarako, ate irekien bi jardunaldi antolatu dira. Bisita gidatu horietan, Iker Ruiz de Alegria zuzendariak lagunduta, eskolako espazio nagusiak ikusi ahal izango dira, eta berrikuntzen xehetasunak azalduko dira. Parte hartzeko ez da izenik eman behar, eta jardunaldiak irekiak izango dira interesa duen edonorentzat.
Bisitak honako egun eta ordutegietan egingo dira:
- Irailaren 24an (asteazkena), 14:00etatik 18:00etara
- Azaroaren 15ean (larunbata), 10:00etatik 13:00etara
Jardunaldi hauetan, bisita gidatuak Musika Eskolako espazio nagusietatik egingo dira. Bertaratzen direnek egindako berrikuntzak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, eta, era berean, eskolaren eguneroko jarduna gertutik ezagutzeko. Gainera, une egokia izango da ikastetxean eskaintzen den hezkuntza eta musika-eskaintza ezagutzeko.
Azken hilabeteotan egin diren berritze lanen bidez, estalkia berritu da, eguzki-plakak jarri dira energia-eraginkortasuna hobetzeko, lurzorua eta argiztapena modernizatu dira, eta kanpoko sarbide berriak sortu dira. Neurri horiekin guztiekin, Musika Eskola espazio moderno, funtzional eta jasangarri bihurtu da, ikasleen zein irakasleen eguneroko beharretara egokituta.





