Izurtzak Santa Agedan egun berezi bat ospatu du kulturaz, tradizioz eta elkartasunez

MUGA JAIAK
Izurtzako jaiek atzo, euren unerik berezienetako bat bizi izan zuten, Santa Agedan egun berezi bat ospatuz. Eguraldi bikainak lagunduta, herritar eta bisitari ugari bildu ziren giro apartaz gozatzera.

ARGAZKIAK: Iker Ballarin
Goizeko 10:00etan hasi zen eguna Jaizale-ren kalejiran, eta ondoren Mendiagin Dantza Taldeak plazari kolorea eta tradizioa ekarri zizkion. 12:00etan, umeek izan zuten euren txanda, poni-ibilaldiekin, arrakasta handiko jarduerarekin.
14:30ean ospatu zen herriko bazkaria, non 80 lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan, giro familiar eta lagunartekoan. Arratsaldean, bazkalosteko saio musikalak hartu zuen lekua, eta jarraian izan zen bertsolarien saioa: Oihana Bartra, Aissa Intxausti eta Xabat Galletebeitia izan ziren taula gainean, bertsoen bidez barre eta gogoeta sortuz. 18:00etan, berriz, Lotxo taldeak jarri zion amaiera egitarauari.
Kultur giroaz gain, ekimen solidarioak ere izan zuen protagonismoa: tabernako irabaziak Angelman Sindromearen Elkartearentzat bideratu ziren, eta elkartasun-keinu hori datorren larunbatean ere errepikatuko da, tortilla lehiaketan ateratzen denarekin.






