GRETEL ETA XIOMARA: “Elorrioko txupina botatzeak herriaren parte sentiarazten gaitu”
Nikaraguarrak jaiotzez, Elorrion topatu zuten aterpea, nork bere aldetik eta elkar ezagutu gabe. Gaur, 20:00etan, hasiko dira Elorrioko jaiak txupinazoarekin Herriko Plazan. Ofizioa ere partekatzen dute, adineko emakume bana zaintzeaz arduratzen baitira. ‘Zaintza barik bizitzarik ez!’ ikastaroan egin ziren lagun.

Grettel Antonia Díaz Gutiérrez y Xiomara del Carmen Pérez.
Hain zuzen, Udaleko Berdintasun sailak koordinatzen duen formakuntzak Osakidetza, Kainabera elkartea eta mugimendu feministako kideak jartzen ditu harremanetan etxez etxeko langileekin. Arlo profesional eta pertsonalean hazteko tresnak ematen dizkiete: “Ikastaro horri esker, pertsona nagusiak zaintzerakoan, larrialdi egoerak kudeatzen ikasi dugu osasun ohiturak geureganatzen, etxeko istripuak saihesten, edota arlo psikologikoan trebatzen. Pertsona bat ohean dagoenean, nola garbitu, gurpildun aulkira nola lekualdatu, botikak eman… horrelako gauzak ikasi ditugu erizainen gomendioak jarraituz. Eta eurekin hitz egiten, animoak ematen. Bakoitzak egoera ezberdina du bere lanean, baina guztioi datorkigu ondo ‘Zaintza barik bizitzarik ez’ moduko ikastaroetara joatea”, adierazi dute biek.
Elorrioko zaintza sarearen ezinbesteko zutabe dira langile hauek. Kontratatzen duten familiari ematen diote zerbitzua, eta ondo dakite familia horientzat oso garrantzitsuak direla: “Eta alderantziz, guretzat ere oso garrantzitsuak dira familia horiek, berezi sentiarazten gaituzte”.
Emakume migratu bezala, hutsetik hasi dute bizimodua Elorrion, eta, gaur egun, lanetik kanpo estimatuak sentitzen direla esan dute: “Euskara ere hasi gara ikasten euskaltegian. Egia da gure jatorrizko familia faltan sumatzen dugula, baina hemen etxean bezala sentitzen gara. Horren adibide da aurten jaietako pregoia emateko gonbidapena luzatu digutela. Modu horretan, herritarren parte izango gara, eta jatorri askotako emakumeekin partekatuko dugu txupina botzeko momentu hori. Gure arteko harremana sendotzeko aukera izango dugu, beraz”.
Badute ekitaldi bat bereziki gustuko dutena jaien testuinguruan, bigarren igandeetan ospatzen den Elorrioko kolore eta zaporeak, hain zuzen: “Benetan ederra da Kainabera elkarteak antolatzen duen jaialdi horretan sortzen den giroa”.
Izan ere, Ferixa Nausikoez gozatzea pribilegioa da eurentzat: “Gure lan ordutegiagatik, sarritan ezin izaten dugu jaiez gozatu guk nahi genukeen bezala. Baina aurten, udalaren laguntzaz, hainbat lankidek baimena jasoko dugu zapatuan jai hartzeko. Horregatik, eskerrak eman beharrean gaude, familia kontratatzaileei eta udal ordezkariei”. Hala, 25 lagun inguru azalduko dira udaletxeko balkoian, nahiz eta kolektiboan gehiago izan, “batzuk ezin izango baitute etorri lanean egongo direlako”.





